Ibilbide oparoari amaiera

Xabier Lasa 2019ko abe. 14a, 07:07

Olagain txistularien elkarteak bere 40. urteurrena ospatzeko abenduaren 1ean egin zuen emanaldia azkena izan zen Felix Martinez de Lezea atabalariarentzat eta Jesus Mari Otamendi txistulariarentzat

Erretiroa hartu dute, beren bizitzaren zati handia atabala eta txistu hotsak zabaltzen jardun eta gero. Hamarkadetan taldekide izan dituztenek, esker onez, txapelak eskaini zizkien igandeko kontzertuan, eta Bastero lepo jarri zuten ikusleen txalo zaparrada jaso zuten. “Oso detaile polita izan zen, hunkigarria, eta eskertuta gaude bihotzez. Ezustean hartu genuen txapelarena. Nahiago genuen protagonismoa 1979an Olagain elkartea sortu zutenek bakarrik hartu izan balute, baina hala gertatu dira gauzak, zer egingo diogu”. Biek poza agertu dute ikusita kontzertua nola irten zen: “Ederra izan zen, gonbidatu mordoa, gustu guztietarako musika eskaintza, publikoaren erantzuna bikaina... Olagainek ezin zezakeen egokiago ospatu 40. urtebetetzea”.

Erretiroen zergatia

Erretiroaren arrazoiarengatik galdetuz gero, Jose Luis Etxeberria adiskideak txistua lagatzeko orduan 2008an ironia finez aipatu zuen arrazoi berberari heltzen dioten biek ere: “75 urterekin jubilatzen omen dira obispoak…”. Badute bigarren arrazoia, zentzuzkoagoa eta praktikoagoa, giza fakultateekin zerikusia duena. Izan ere, 40ko hamarkadaren hasieran jaiotakoak dira biak, eta urteek ez dute barkatzen… Txistuarekiko atxikimendu sentimentalak txistularien bandan jarraitzea eskatzen zien, baina buruak uzteko agindu die. “Besoek eta hatzek ez dute lehen zeukaten azkartasuna, eta zenbait pieza interpretatzerakoan kosta egiten zitzaigun behar zen erritmoari jarraitzea”.

Otamendik aitortu duenez, zenbaitetan, lau nota jo beharrean hiru jotzera mugatzen zen; “taldearen babesean aritzeak eta martingalak ikasita edukitzeak gabezia hori estaltzen lagundu izan dit”. Zailagoa zeukan Martinez de Lezeak, atabala baita txistulari taldeari erritmoa ezartzen dion musika tresna. Nahiz eta musika tresna hori izan bazter samar geratu ohi dena normalki, txistuak protagonismoa guztia hartzen baitu. Alde horretatik, Otamendik atabalaren eta atabalarien ezinbesteko funtzioa aldarrikatu nahi izan du: “ezinbesteko bidelagunak dira txistularientzat, eurek markatzen diete zenbateko abiaduran joan behar duten. Rock talde bateko bateria bezala, harenik gabe nekez dago musikarik”.

Olagainen hasierak

Martinez de Lezea eta Otamendi Olagain txistularien Elkarteko kideak izan dira hasieratik, 40 urtez. Ordurako, ordea, urte batzuk eginak zeuzkaten musikari gisa. Felix Matinez de Lezeari etxean bertan txertatu zitzaion zaletasuna. “Ni Tolosakoa naiz, eta han txistuak beti eduki du predikamentu handia; oraindik ere igande goizero kontzertuak eskaintzeko ohiturari eusten diote. Txistulari bandako kideak ziren gure aitona eta aita, eta zazpi seme-alabetatik lau mutilek bide beretik jo genuen. Ni txistuarekin hasi nintzen arren, gehiago gustatu atabala! Andoainera etorri nintzen bizitzera gero, eta etxean semeak ere txistua ikasi zuen, beharko ikasi!”.

Frankismoko urteetan Eugenio Arregi apaizak gidatuta funtzionatzen zuen Juventud Obrera Catolica elkartearen gerizpean hezitakoa da Otamendi. “Bertan gau eskolan eta abesbatzan parte hartzen nuen, besteak beste. Behin Arregik Joxe Antonio Zalakain eta biok txistua jotzera tentatu gintuen; halaxe hasi ginen Joxe Mari Huizi irakasle genuela. Geroxeago, Donostiako kontserbatorioan segi genuen ikasketekin, Felixen aitonaren anaiarekin eta Jose Inazio Ansorenarekin. 60 eta 70eko urtetan Andoainen ez zen txistulari talde finkorik, eta udalak, festetarako eta protokolozko ekitaldietarako txistuaren beharra zuenean, Joxe Luis Etxeberria eta Joxe Maria eta Pio Huizi anaiei otsegiten zien, eta tarteka, Joxe Antonio eta biok taldera eransten ginen. Gainontzean, Joxe Antonio eta biok, Iñaki Arinekin batera, Lizar Makil dantza taldearekin aritzen ginen”.

Musikari izateaz gain, biak ere badakite zer den txistuaren transmisioan parte hartzea, musika irakasle izan baitziren Aita Larramendi ikastolan, Jose Luis Etxeberria eta Joxe Mari Huizi lagun zituztela zeregin horretan.

Talde iraunkorraren garrantzia

Andoainen txistulariak gutxienez XVIII. mendeaz geroztik izan direla adierazten digute agiri idatziek. XX. mendeari dagokionez, behintzat, gora beheratsua izan da haien presentzia; ziurrenik, Olagain elkartearen sortzeak ekarri dio txistuari finkotasuna, artean ez zeukana. Martinez de Lezeak gogoratu du, labur, nola eratu zen Olagain elkartea. “1978ko Eguberrietan, Joxe Luis Etxeberria, Jose Mari Huizi, Joxe Goikoetxea eta lauk kalejiran irten ginen, lehen txistua, bigarren txistua, silbotea eta atabaleko laukotea osatuz. Ea zer gertatzen zen, ea andoaindarrek nola erantzuten zuten, bageneukan ikusmina! Kontua da hurrengo urtean sortu zela formalki Andoaingo Txistularien Taldea, modu iraunkor batean funtzionatzeko asmoz. Behar bati erantzuten zitzaiola pentsatzen zen, eta asmatu egin zen”.

Geroztik, ehunka kontzertu, kalejira, protokolozko ekitaldi eta abarretan hartu dute parte Jesus Marik eta Felixek, 40 urte luzeetan. Era guztietako emanaldiak egitera ohitu dira. Madrileraino iritsi ziren behin, Pablo Sorozabal musikari ospetsuaren omenezko emanaldi bat eskaini zutenean Ramon Berazak zuzentzen zuen Easo abesbatza lagun zutela. 

Musikari itsatsitako ibilbide luzeak merezi izan duela diote, satisfazio pertsonalez betetakoa izan delako; halaxe diote, zalantza izpirik agertu gabe. Nolanahi ere, dena ez da arrosa kolorekoa. “Sakrifikatua da banda bateko kide izatea, asteroko entseguekin eta emanaldiekin ezin duzuelako hutsik egin, eta esker txarrekoa delako maiz. Horretarako, ezinbestekoa da konpromisoa hartzea, eta gainera, baita familia oso esku zabalekoa edukitzea ere. Bandako zuzendari izan genuen Javier Hernandezek beti esaten zuen lehentasunak markatu behar izaten direla bizitza honetan, eta txistua hautatzen duenak badakiela zer datorkion”.    

Kili-kolo etorkizuna

Konpromisoaren balorearekin lotu dute txistuaren eta atabalaren etorkizuna Otamendik zein Martinez de Lezeak. “Olagain Txistulari Elkarteak osasun ona dauka egun, baina bere kideak aspaldian dabiltzanak dira. Beste hogei bat urtetan segiko du txistuak Andoainen, baino ondoren, nork daki… Iruditzen zaigu datozen belaunaldiak beste modu batera ulertzen dutela konpromezua”.

Txistuaren eta atabalaren transmisioarekiko ikuspegi ezkor samar horrekin lotuta, badaukate zer kritikatua Andoainen musikaren arloan hamarkadetan gertatzen ari den egoerarekin. “Ez dugu ulertzen zer dela eta txistua eta atabala ez diren Udal Musika Eskolan irakasten, ezta Euskal Herrian errotutako beste hainbat musika tresna (alboka, trikitixa, txalaparta...). Txistulari elkarteko kide den Fernando Gonzalez sei bat gaztetxorekin ahalegintzen ari da, eta nahikoa egiten du. Baina Udalak hartu behar luke euskal instrumentuekiko konpromisoa bere
gain”.

Txistuarenganako kultura galtzen ari dela uste dute, Euskal Herrian zein Andoainen. Hala dio Otamendik: “Auskalo nondik datozen modek agintzen dute, eta errealitate horren baitan, txistua bigarren mailako instrumentutzat hartzen da, ez da behar bezala zabaltzen; iraganeko kontuak dira txistulari bat danbolinarekin nahikoa zela erromeria giroa srtzeko eta jendea plazan dantzan jartzeko. Esate batera, orain urte asko ez dela txistuaren munduan goren mailakoa den Bilboko Banda Basterora hurbildu zenean, dozena bat lagun baizik ez ziren bertaratu. Beste musika instrumentuekin kontzertuak elkarlanean eskaintzearen bidetik ekin zaio azken aldian, publiko zabalarentzat txistua erakargarriagoa egiteko asmoz, eta gurean Jose Mari Setien zuzendaria asmatzen ari da. Baina arriskua egon liteke, txistuaren esentzia galtzen joatea”.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!