Maider Lainez Alkateak, Mikel Arregi Euskara zinegotziak eta Ainhoa Aiertza Escivi Zine eta Bideo eskolako ordezkariak eman zuten jakitera V. Andoain Laburrean bideo lehiaketaren nondik norakoa.
Arregik lehiaketaren zergatiari erantzun nahi izan zion: “Euskararen erabilera sustatu nahi da”. Euskara ez dugu trofeotarako nahi; euskara erabilia izatea nahi dugu. Eta badakigu erabilera handituko bada, denok dugula zeregina, eta Udalarena den bezala herri-erakunde guztion eginkizuna dela erabilera hori sustatzea. Alferrik ibiliko da inor errezeta magikoen bila: erabiltzea da errezeta. Ez dago besterik. Erabiltzea ahalik eta normaltasun eta naturaltasun handienaz. Horixe da adierazi nahi duguna gure leloarekin: “ahoz aho, bizi-bizi”. Eskolan sendo behar dugu euskara, jakina da hori. Baina horrekin batera, gozatzeko, gure sorkuntza garatzeko eta bideratzeko... euskara horretarako baliagarri izatea da dugun erronka nagusia”.
Gaurko gizartea, eta etorkizunekoa, neurri handi batean ikus-entzunezkoen gizartea dela gaineratu zuen Arregik. “Euskarak, hizkuntza bizia izango bada, indartsu izan behar du ikus-entzunezkoen eremuan ere. Eta kontu hau, bereziki da garrantzitsua gaztetxoei eta gazteei dagokienez”.
Ainhoa Aiertza Escivi eskolako ordezkariak bideo lehiaketaren oinarriak gogorarazi zituen. Besteak beste, 16 urte edo gehiago duen profesionala ez den eta Andoainen bizi, ikasi edo lan egiten duen edonork parte hartu dezake lehiaketan. Gehienez 15 minutuko iraupena izango du bideoak, eta hizkuntza edukiren bat izatekotan, honek euskarazkoa behar du izan. Gaiari dagokionez, librea da eta ez du zertan mugaturik Andoainera edo beste ezein eremu geografikoetara; nolanahi ere, 2020ko urtarrilaren 30ean izango da lanak aurkezteko azken eguna.
Informazio gehiago,
- Andoaingo Udaletxeko euskara zerbitzuan: andoaindarraeuskaraz.eus edo telf. 943300831.
- Andoaingo Zine eta Bideo eskola.