"Gustura bizi gara eta oraingoz Santiagon jarraitzeko asmoa dugu"

Ainhoa Arozena 2019ko abe. 25a, 09:00

Daniel Azpiroz, Daniela bikotekidearekin eta Ibai semearekin batera.

Arkitekturako ikasketak amaitu eta gero, Txileko Santiagora abiatu zen lan bila Daniel Azpiroz Puerta andoaindarra, duela zazpi urte pasatxo. Familia osatuta, bertan bizi da egun.

Elkarrizketa osorik: Aiurri hamaboskariaren 551 zenbakian.

Txilen bizi diren bi andoaindar behintzat badaudela jakin ostean, haiekin harremanetan jarri da Aiurri aldizkaria. Milaka kilometrora, haien eguneroko bizimoduaz nahiz, berriki, bizi baldintza hobeak eskuratu nahian, txiletar askok gobernuari aurre egin eta gero, borroka horrek izan dituen ondorioez hitz egiteko prest agertu dira Daniel Azpiroz eta Amaia Armendariz –hurrengo hamaboskarian argitaratuko dira Amaiaren hitzak–. 
Itsasoz bestaldetik, eskerrik asko biori aldizkarian parte hartzeko gure gonbiteari hain eskuzabal erantzuteagatik. Segi ondo eta, Urteberri on!

Noiz eta nolatan erabaki zenuen Txilera joatea?
Duela zazpi urte eta erdi iritsi nintzen Txilera. Arkitektoa naiz ikasketaz, eta karrera amaitu nuenean, Euskal Herrian ikasitakoarekin erlazionatutako zerbaitetan lana topatzeko zailtasunak nituenez, atzerrian ahalegintzea erabaki nuen. Zeelanda Berrira abiatu nintzen lehenengo, baina han hilabete gutxi batzuk egin ondoren, Latinoamerikara joatea bururatu zitzaidan, hizkuntza eta bizimolde aldetik erosoago egongo nintzelakoan, eta lan aukera gehiago izango nuelakoan. Iritsi nintzenetik hiriburuan bizi izan naiz, Santiagon. Eraikuntza enpresa batean egiten dut lan, eta gaur egun ospitale baten eraikuntzan parte hartzen ari naiz. Zorte dezente izan nuen iritsi nintzenean, eta berehalaxe suertatu zitzaidan aukera hau.

Zer nolakoa da Santiago bezalako hiri handi bateko eguneroko bizimodua?
Santiagon orokorrean, jendeak bizi den tokitik nahiko urrun egiten du lan, eta horregatik denbora dezente xahutzen du egunero alde batetik bestera mugitzen, gehienetan auto edo pertsona uholdeetan murgilduta. Gainera, legez, astean 45 ordu egiten dira lan, eta ondorioz astegunak lan karga eta desplazamendu behar horrengatik oso baldintzatuta daude, aisirako denbora gutxi gelditzen baita. 
Hala ere, denbora librean eduki ohi den bizimodua Euskal Herrikoaren nahiko antzekoa da: jendeak espazio publikoa geroz eta gehiago erabiltzen du, asteburuetan hiriko parkeak eta plazak gainezka egoten dira, eta jende asko kirol ezberdinak praktikatzen ibiltzen da. Gainera, jatetxe eta taberna aukera zabala dago, eta hiri handia izatearekin, kultur emanaldi anitzak topa daitezke. 
Hori bai, zoritxarrez, espazio publiko, eta kultur eta aisi aukera hauek ez daude hiri guztian zehar homogeneoki barreiatuta, horregatik zenbait jenderi erosoago egiten zaio denbora librea etxeetan parrillaren inguruan egiten diren bileretan edo hirian nonahi topatu daitezkeen zentro komertzialetan igarotzea. 

Orain hilabete eta erdi, etorkizun hobea eskatuz, gobernuaren aurka borroka egin zuen txiletar askok. Manifestazioak ugari eta manifestari eta poliziaren arteko liskarrak ere bai. Nola bizitu duzu egoera hori? 
Egoera ustekabekoa izan da denontzat. Hemengo elitea urte luzez bizi izan da sistema politiko eta ekonomiakoaren egonkortasunaz eta aldaezintasunaz harro, eta denok nahiko barneratuta geneukan injustiziak eta bizi baldintza txarrak pairatzen zituen gehiengoak bazeuden ere, jendartea orokorrean oso alienatuta bizi zela eta, aldaketen aldeko mugimendu sakonetan inplikatzea ezinezkoa izango zela. Hala ere, zorionez, sakoneko ezinegon batek eztanda egin du, eta urte luzez onartutako zapalkuntza asko jasanezin bihurtu dira askorentzat bat-batean. 
Behin eztanda gertatuta, botereak oso bortitz eta baldar erantzun du momentu oro; alde batetik giza eskubideen urraketa asko gertatzen ari dira egunero poliziaren aldetik herritarren aurka: bahiketak, hildakoak, bortxaketak eta beste sexu abusu batzuk, torturak, begietara jaurtitako tiroak, kimikoekin nahastutako urarekin dispertsatutako mobilizazioak, eta abar; eta beste alde batetik, herritarrek mobilizazio jendetsuetan behin eta berriz egindako eskaera politikoei entzungor egiten ari zaie gobernua, azken 40 urteetan eraikitako sistema injustuari azaleko aldaketak soilik eginez, eta eliteen pribilegioak mantenduz. 
Gainera, gobernua eta komunikabide nagusiak, zenbait mobilizaziotan egon diren kaleko altzariteri eta negozioen aurkako jarrera bortitzak erabiltzen ahalegindu dira protesta guztia kriminalizatzeko eta herri mugimendua zatitzeko, baina ekintza horiek hainbeste haizatuta, kontrakoa lortu dute azkenean: jende askok ezegonkortasun, kaos eta eszepzio egoera hau onartzea, horrenbeste desio duten eta horren urrun ikusten ez duten aldaketa sakonen garaia iristeko lagungarri izango delakoan. 

Nola ikusten duzu etorkizuna?
Ni baikor nago. Badirudi gizartearen presioarekin eta antolaketarekin zenbait gauza mugitzen hasi dela. Auzo guztietan bizilagunen asanbladak sortu dira gizartearen eskaerak bideratzeko eta elkarren artean eraginkortasuna handiagotzeko. Jendartearen presio honen guztiaren ondorioz, Pinocheten konstituzioa zaborretara botako duen konstituzio berri bat idazteko prozesua hasi berri da parlamentuan, eta hurrengo urtean hamarkadetan ukatu den asanblada konstituziogile bat aukeratuko dute herritarrek, atzera bueltarik ez bada.

Andoainera laster itzultzeko asmorik ba al duzu? 
Santiagon Daniela bikotekide txiletarrarekin eta gure seme Ibairekin bizi naiz. Pertsonalki, nahiko egoera egonkorra bizi dugu eta, oro har, gustura gabiltza. Ezin jakin epe ertainera non egongo garen, baina oraingoz hemen jarraitzeko asmoa daukagu.

Andoaindik ezer botatzen al duzu faltan? Eta, zer ekarriko zenuke Txiletik Andoainera?
Duda izpirik gabe, familia botatzen dut faltan gehien. Distantzia handia da eta ez da erraza izaten oso maiz elkartzea. Hala ere, gaur egun ditugun erremintekin askotan hitz egiteko aukera izaten dugu, eta horrek zeozer goxatzen du egoera. 
Kulturalki, Euskal Herrian dagoen kalean elkartzeko eta bizitzeko ohitura hedatua ere faltan botatzen dut hein batean, hemen gizarte erlazioak etxeetan gertatzen direlako gehiago. Hala ere, horrek bere alde ona ere badu, txiletarrek norberaren etxeko ateak hurkoari irekitzeko joera eta erraztasun handiagoa dutelako, eta horrek elkar ezagutza handiagoa ahalbidetzen duelako askotan. 
Santiagotik zer eramango nukeen? Neguetan hemen izaten dugun eguzki goxoa eskertuko lukete andoaindar askok, eta nola ez, egunen batean, familia.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!