Joxe Mari Iturralde bertso jartzailea hil da

Xabier Lasa 2019ko abe. 19a, 16:54

Joxe Mari Iturralde, Adunako etxean idazteko makinaren aurrean

Sorabillako bertsozale eta bertso jartzaile amorratua asteartean hil zen, 82 urte zituela. Bere senide eta lagunek Sorabillako San Martin elizan, ostegunean 18:00etatik aurrera egingo diote azken agurra.

Andoaingo bertsolaritzari buruzko "Joxinixio. Pizkunde zapuztua" liburuan adierazi zuenez, ume-umetatik piztu zitzaion bertsotarako etorria: “Eskolan bertan, ez nintzen ondo moldatzen, maisuaren hizkuntza ez jakiteagatik; adimenez ni baino gehiago ez zirenak ere aurretik edukitzen nituen beti, hura zen marka! Igual komunikatzeko ezintasun hori estaltzeko, edo auskalo zergatik, kontua da hizketan hasi, eta nahigabe etortzen zitzaidala burura errimaren bat. Bila ibili gabe, etortzen zast! Bertsoa zen nire jolasa”.

21 urte zituela, Aginagan bertsolari gazteentzat antolatutako txapelketa batean parte hartu zuen, Txomin Garmendia, Patxi Etxeberria eta beste zenbait lehiakide zituela. Aurreneko aldia zen jendaurrean, eta halako larritasuna sentitu zuen oholtza gainean, ez zuela berriro errepikatu nahi izan trantzea. Harrezkero, bertso jarrien generoari heldu zion. Era horretan, 1960tik aurrera, idatziz-idatziz, hirurehundik gora bertso sorta eraman zituen paperera. Aktualitateko edozein gairi heltzen zion: Argelia eta Frantzia koloniala, bonba atomikoa, Alemaniaren batasuna, Aita Santuak (Benedikto XVI eta oraingoa) eta eliza katolikoa, euskararen biziraupena, Espainiako monarkia, morala eta etika, euskal preso politikoak, Sudango gerra, Siriako emigranteak, gosea, fedea, lapur txikiak eta handiak, Afganistan, langabezia, Herri Urrats, ikur frankistak…

Maiz, hainbat gizarte arlotan nabarmendutako Andoaingo zenbait pertsona hartu izan zituen inspirazio iturri: Joxe Ramon Ansa (BVEk eraildako gaztea), Martin Ugalde (idazlea), Perez Lasa (futbol epailea), Pako Arnaiz (korrikalaria), Joxe Mari Oiartzabal (Musikaria), Juan Mari Lizarralde (ETAkidea) Jose Luis Etxeberria (txistularia), Manuel Larramendi (idazlea), Migel Goenaga (apaiza)…

Beti miretsi izan zituen bertsolariak, eta 80ko hamarkadan horietako bat Donostian omentzen zuten aldiro, oholtzara igo eta pare bat bertso abesten zituen; halaxe egin zuen esate batera, Manuel Sein Xanpun (1983), Patxi Etxeberria (1986), Batista eta Xalbador Madariaga anaiak (1988) eta Jon Azpillagari (1987) eskainitako omenaldietan.

Bestalde, Zeruko Argia eta Aiurri aldizkarietan eta Deia egunkarian bertso sailak argitaratu izan zituen noizean behin.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!