Emanaldia, “aparteko kontzertua, oso gutxitan entzun litekeena” izango dela aitortu du Garciak. Ez baitira gutxi kontzertuak dauzkan berezitasunak Garciaren ustetan, eta banan bana aipatu ditu. “Aro erromantikoko eta erromantikoaren ondorengoko abestiek osatzen dute programa. Ave Mariak dira gehienak, autore ezberdinek konposatu zituztenak. Tartean bi euskaldun daude, Garbizu eta Olaizola”.
Goi-goi mailako konposatzaileen abestiak, goi-goi mailako abesbatzak interpretatuta, Garciaren hitzetan. “Easo emakumeen abesbatza punta-puntan dabil mota honetako abesbatzen munduan. Luxu bat da, kalitate handiko ahotsen batuketa baita. Bakarlari ugari dauzka, eta horiek euren aldetik ere kapaz dira kontzertu oso bat antolatu eta eskaintzeko. Abeslari gazteak dira gehienak, 17 urtetik aurrera doazenak. Gorka Miranda zuzendariarekin txiki-txikitatik ahotsa lantzen hasi ziren, eta gaur arte jarraitu dute serio-serio. Abesbatza 2006an sortu zenetik elkarrekin dabiltza, eta musika genero ezberdinak abestera ohitu dira”.
Bi zatitan banatutako emanaldia
Emanaldiak bi zati izango dituela zehaztu du Garciak. Lehenengoan, “Ave Maria anitzek osatuko dute; bakarlariekin gozatzeko aukera izango dute entzuleek. Bigarrengo zatian, berriz, abesbatza osoa arituko da, aurrekoak baino modernoagoak diren abestiekin”.
Easo abesbatzako ahots finek musika klasikoaren unibertsoko musikarien miresmena eragiten duen organoa izango dute bidelagun koroan; kontzertua erakargarri izateko eskaintzen duen osagarri erantsia da Garciarentzat. “Ez dakit andoaindarrok jabetzen garen, baina benetako altxorra daukagu herrian. 1907koa da, Merklin markakoa. Dotorea da itxuraz, eta bertatik sortzen den soinua benetan ederra da, musikarako sentsibilitatea daukan edonori gozamena eragiteko gaitasuna dauka”. Han hemen makina bat organo jo izan ditu Ana Belen Garciak bere ibilbide oparoan, eta badaki zertaz ari den.
Abesbatzak elizako koroan abestuko du; ikusleek aldarean ipiniko den pantailaren bitartez jarraitu ahal izango dute abesbatzaren emana.
Musika emanaldia Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Andoaingo Udalak elkarlanean antolatu dute. Sarrera doana izango da.
Kontzertuko kantutegia
"Ave Maria" Abestiak bakarlariarekin
- F.P. Tosti: Marta Garcia.
- C. Franck: Luken Munguira.
- C. Sain-Saens: Maddi Asenjo eta Ane Corral.
- Usandizaga: Ainhoa Tabuyo.
- J. Alain: Lorea Lopez.
- F. Schubert: Izei Mujika.
- G. Faure: Eider Barrenetxea, Amaia Aras.
- G. Olaizola: Luken Muguira.
- P. Casals: Nahia Sarasa eta Ainhoa Artega.
- T. Garbizu: Lorea Lopez.
Abesbatza osoa
- J. Guridiren "Ave Maria".
- G. Faure: Cantique de Jean Racine.
- X. Sarasola: Gau ilunak ez badu.