Euskal Herriko Kluben Arteko Txapelketa Nazionalean maila handia erakustean ari dira Gaztelekuko pilotariak

Mikel Arberas 2019ko abe. 21a, 16:08

Aritz Eskudero botileroa eta Adur Etxezarreta, Mikel Arrate, Jurgi Mujika pilotariak hurrenez hurren. Argazkia: Pilota Bizi

Gazteleku hurrengo faserako sailkatu da Txukun Lakua Elkarte gasteiztarrari irabazi ostean Idiazabalgo Igarondo pilotalekuan.

Euskal Herriko Kluben Arteko Txapelketa Nazionalean hiru partida jokatzen dira, eskuz banaka 4 terdian (18ra), eskuz banaka kantxa osoan (18ra) eta eskuz binaka kantxa osoan (22ra). Maila handiko txapelketa da, eta Euskal Herriko talde onenek hartzen dute parte. Gazteleku ere tartean da eta maila handia erakusten ari da.

Lehenengo partidua eskuz banaka 4 terdian Etxezarretak (Gazteleku) jokatu du Martinez de Murgiaren (Txukun Lakua) aurka. Bi pilotariek akats eta opari asko egin dituzte, baina Etxezarretak indarrari esker 18-12 gailentzea lortu du. Bigarren partidua Mujikak (Gazteleku) eta Uribek (Txukun Lakua) jokatu dute. 4 eta 18 galdu du Gaztelekuko adunarrak, baina punta-puntan dabilen Uriberi aurpegia erakutsi dio. Azken partidan jokatzen zen guztia, irabazten zuen bikotea sailkatzen baitzen hurrengo faserako. Gaztelekuko Arrate-Eskudero bikoteak irabazi du Txukun Lakuako Artola-Alvarez de Eulate bikotearen aurka, 22-10. Lehen tantotik ireki dute zuloa markagailuan Andoaingo pilotariek; horrez gain, abantailari eutsiz eta Jon Eskuderoren abilezia baliatuz garaipena eskuratu dute. Botilero lanetan aholkuak ematen aritu den Aritz Eskuderok ere balantza Andoaingo taldearen alde jarri duela aipatu beharra dago.

Hurrengo fasea urtarrilaren 18an jokatuko da goizeko 11:00etan Idiazabalgo Igarondo pilotalekuan. Gazteleku Pelota Elkarteak Amezketako Zazpi Iturri elkartearen aurka jokatuko du. Aritz Eskuderok adierazi duenez, "partida zailak izango dira, baina taldea memento onean dago eta paper ona egiten ari da txapelketan".

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!