Herria ilunpean dela iritsi dira hiru Errege Magoak Elizmenditik Asteasuko plazara. Udaletxe azpiko arkupean jaiotza biziduna egon da astoarekin eta txekorrarekin, eta hiru Erregeek nahiz Olentzerok agurtu ostean, herriko dantzari gaztetxoenen dantza saioaz gozatu dute.
Ondoren, Beñat Mateos bertsolari gazteak bertsoa bota du, eta jarraian, Usarrabi abesbatzako kideek kantu bat eskaini dute. Trikitilariek, berriz, Olentzerori eskaini diote 'Ole Olentzero' kanta.
Azkenik, herriko txikienek eta gaztetxoenek Errege Magoen opariak jaso dituzte muxu baten truke.