"Herritarrak saiatu behar gara besteen azalean jartzen"

Xabier Lasa 2020ko urt. 9a, 14:02
Aitor Merino zuzendaria eta aktorea.

"Asier eta biok" dokumental ezaguna eskainiko dute Andoainen, bake eta bizikidetza mahaiak antolatutako ekitaldian. Egilea bertan izango da, solasaldian parte hartzeko.

'Asier ETA biok' izenburuko ordu eta erdiko filmean zehar Aitor Merino aktore eta zinegile iruñearrak ETAko kide ohi batekin (Asier Aranguren) txikitatik mantetzen duen adiskidetasuna azaltzen du. Komunikazio estilo arina eta hurbila erabiliz, batzuen eta besteen arrazoi politikoak eta emozionalak transmititzen ditu, eta halaber, euskal auziaren eta borroka armatuaren inguruan gogoeta etikoak plazaratzen ditu.

Filma 2014an estreinatu zen, eta dezenteko zabalpena izan zuen...

Espainiako estatuko areto ofizialei dagokionez, behintzat, 30.000 ikusle erakarri zituen estreinaldiak. Ez da txantxetako kopurua, dokumentala izateko. Pozik egon gaitezke geroztik egin duen ibilbidearekin. Sarean, gaur egun, Filmin plataforma digitalean eskura dago, eta youtuben baimenik gabe ikus daiteke. Bestalde, ETBn jarri duten bakoitzean audientzia onak lortu ditu. Gainera, leku askotatik hots egin digute, solasaldietan parte hartzeko; dexente dira programatu duten erakunde eta elkarteak. Filmak jendearengan eztabaida politak eragitea lortu du, eta ez da gutxi! Horixe baitzen Amaia arreba eta biok nahi izan genuena, filma diseinatu genuen une beretik.

Ika-mika ugari sortu zuen orduan. Boikota kanpaina ere antolatu zen...

Traba ugari jasan genituen, baina ez nuke esango boikota izan zenik. Gaur egun beste zentsura moduek funtzionatzen baitute, eta omisioa da horietako bat: zu isiltzeko, ez ikusiarena egitea, alegia. Gogoko ez diren iritziak bazterrean uzteko modua da. Banaketa asko zaildu zitzaigun eta Madrilen, Valentzian edo Zaragozan ezin izan genuen modu egokian estreinatu. Filmin plataformak bai, baina Movistar edo Netflixek ez zuten ezer jakin nahi izan... 

Duela hiru urte jakin genuen Espainiako gobernuaren AEBeko enbaxadak ahalegina egin zuela, Smithsonian instituzioak Washingtongo Folklife Festivalean programatu ez zezan. Antolatzaileek ez zuten amore eman, zorionez. Eta ez pentsa, traba horiek indarrean dira oraindik. Esate batera, makina bat saiakera egin dugu Espainiako telebista kateek emititu dezaten, baina keba! Ateak itxita dauzkagu, baita Espainian egiten den zinema bultzatzen duela dioen RTVE kate publikoan ere.

Madrilgo aktore lagunentzat eta Euskal Herritik kanpoko jendearentzat eta, bestetik, zu ETAko kide ohi baten adiskidea izatearen zergatia azaltzeko egin zela zenion. Desinformazio eta esterotipoen kontrako ahalegina izan zen, zure ustetan. Zerbaitetan lagundu al du?

Madrilgo aktoreen zirkuluko adiskideen gaia, aitzakia argumentala izan zen nolabait esateko, haiek edozein pertsona sinboliza baizezaketen. Noski axola zaidala adiskideek zer pentsatzen duten nitaz edo euskal auziaz, baina batik bat ikuslearen arreta nereganatu nahi nuen. Madrilgo adiskide horiek aitortzen didate nire bizipen pertsonala ezagutzeak zerbaitetan lagundu izan diela, hots, euskal auzian ikuspegi eta arrazoi desberdinak ulertzen. Esan dudan bezala, estatuko ikusle normal baten arretan eragitea izan zen gure helburu nagusia. Nire kasu pertsonala azalduz ohartarazi nahi genuen komunikabideetan mezu ideologiko zehatz batzuk agertzen direla eta ez beste batzuk; errealitatearen zati bakar eta interesatu bat transmititzen dela, eta horiek edonoren iritzia erabat baldintza dezaketela. Ikusleek euren baitan galderak egitea zen filmaren asmoa. Ez zalantzei erantzunak eskaintzea, baizik eta galdera berriak sortzea.

Solasaldietan-eta ikusleek edo eta kritikek adierazitakoen arabera, lortu genuela iruditzen zait. Noski, beti izan gara konstziente gure ahalegina hondar ale bat baizik ez zela izango komunikabideen basamortuan.

Gorka Otxoa aktoreak Euskadi Irratian berriki aitortu du jada Euskal Herriari buruzko iritzirik ez duela ematen, beldurragatik eta bere ibilbide profesionalean etorkizunean eduki dezakeen eraginagatik...

Ulertzen diot Gorkari, eta partekatzen dut beldur hori. Nik ez dut halako erabakirik hartu oraingoz; twitterren ez naiz oso maiztasun handikoa baina jarraitzen dut iritzia ematen. "Asier ETA biok" filma egiteagatik ez nuke esango lanik galdu dudanik, baina hala izan bada, ez dut jakin.

Andoaingo Udalaren Bizikidetza mahaiak antolatu du dokumentalaren ekitaldia. Bizikidetzan zertan lagun dezakeela uste duzu?

Beti da aberasgarria bizipen pertsonalak zintzotasunez partekatu nahi izatea. Sendagai izan daiteke, zenbait une eta egoeratan. Arreba eta biok harrituta geratu ginen Euskal Herrian bertan izan zuen harrera beroagatik eta jende askok erakutsi zuen erantzun emozionalagatik.

Euskal herritarrok egin dezakegun gauzarik onena geure iraganeko bizipenak transmititzea da, eta batik bat, besteen bizipenei arreta jartzea. Saiatu behar dugu besteen azaletan jartzen. Alde horretatik, Basterora hurbiltzen diren pertsonei gonbitea luzatzen diet filman agertzen diren ideiei buruzko iritziak eman ditzaten, edo eta beren bizipen pertsonalak konta ditzaten.

Zertan zabiltza une honetan?

Lanean, han eta hemen! Berriki, zinean, Galparsorok zuzendutako serie batean paper txikia egiten aritu naiz, eta antzerkian "Efimeras" antzezlanean parte hartu dut. Une honetan, nire ahalegin guztia "Fantasia" filmara bideratuta daukat; gurasoei buruzko dokumentala da. Ziur, goiz ala berandu, euskal gaiari helduko diodala berriz ere.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!