Greba deialdia antolatzeko bilera

Andoainen pentsiodunen elkarretaratzeak maiztasun handiz egin dira, azken urteotan

"Lan pentsio bizitza duina" izenburupean, izaera sozialeko hainbat erakundek eta sindikatuek Greba Orokorra deitu dute, datorren urtarrilaren 30erako. Andoainen greba komitearen bilera deitu dute datorren urtarrilaren 15erako, arratsaldeko 19:00tan Urigainen hasiko dena.

Pentsiodunen borroka abiapuntuetakoa izan da. Hauexek dira Euskal Herriko Karta Soziala erakundearen pisuzko arrazoiak, greba deitzeko garaian: "Lan munduaren egiturazko prekarietatearen aurrean, pentsioen murrizketaren aurrean eta bizitzaren sostengagarritasuna arriskuan jartzen duten neurrien aurrean, mezu argi bat daukagu: Lan, pentsio eta bizi duinak! Pentsiodunen mugimenduaren deiari erantzunez deitu dugu Greba Orokorra. Bi urtez kalean egon eta gero, jauzi kualitatibo bat emateko beharra planteatu du mugimenduak, borroka horren alde beste kolektibo batzuk batzera deituz".

Sistemak azken hamarkadan ezarri dituen murrizketen aurrean, elkartu eta aurre egiteko garaia dela deritzote: "Garaia da azken urteetan murrizketekin kendu diguten guztia berreskuratzeko eta aldaketa sozialaren norabidean aurrera urratsak emateko. Pentsio, lan-baldintza eta bizitza duinak nahi ditugu, eta horregatik borrokan jarraituko dugu planeta suntsitzen ari den sistema ekonomiko eta sozial kapitalista, neoliberal eta patriarkal honen aurka. Bide honetan batera ekiteko garaia dugu, bat eginik: langileak eta mugimendu sindikala, pentsiodunak, mugimendu feminista, gazteak, ikasleak, mugimendu ekologista, eskubide sozialen aldeko eragileak, arrazakeriaren aurkakoak, bestelako eredu bat eraikitzeko alternatibak garatzen ari garenak… denok batera antolatu gaitezen lantokietan eta eskualdez eskualde greba komiteetan, eta mobilizatu gaitezen urtarrilaren 30eko Greba Orokorrean!".

 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!