"Txile esnatu egin da, eta Txilerekin batera, baita ni ere"

Ainhoa Arozena 2020ko urt. 13a, 10:52

Txileko Santiago hiriburuan bizi da azken hilabeteotan Amaia Armendariz Iturralde andoaindarra. Gizarte Langintza ikasketak egiten ari da Donostian eta Erasmus bekari esker joan zen bertara.

Elkarrizketa osorik: Aiurri hamaboskariko 552 zenbakian.

Aurreko zenbakian, zazpi urte pasatxo Txileko Santiagon bizi den Daniel Azpiroz Puerta andoaindar arkitektoa elkarrizketatu zuen Aiurri aldizkariak. Orduko hartan aurreratu bezala, hiriburu berean bizi den Amaia Armendariz Iturralde andoaindar ikasleak hartu du hitza oraingoan.

Ikasle gisa izandako esperientziaz gain, besteak beste, txiletarren azken hilabeteotako borrokaz mintzatu da. Txiletarren indarra eta ausardia nabarmendu ditu. Bertan ikusi eta ikasi duen guztiarekin, bere barruan 'klik' eginda itzuliko da pozarren bezala penaz berriz ere Andoainera, urtarrilaren erdialdean.

Bost hilabete daramatzazu Txilen barrena. Zer nolako esperientzia izan da?

Erasmus bekaren baitan, Santiago izan zen nire aukeraketa. Uztailaren 23an atera ginen Bilbotik 40 gradu egiten zituela eta uztailaren 24an iritsi ginen Santiagora 2 gradurekin; aldaketa handia izan zen, egia esan.

Izugarrizko esperientzia izan da eta izaten ari da, ziur esan dezaket, orain arte bizitu dudan esperientziarik onena dela. Munduko txoko guztietako lagunak egin ditut, kultura eta herrialde berri bat ezagutu, ikasteko beste modu bat, egindako festa guztiak ere ahaztu gabe…

Eta gainera Txileko esnatzea gertutik bizitzeko aukera izan dut, beraz, ahaztuko ez dudan esperientzia izaten ari da.

Nola bizitu duzu txiletarren esnatze hori?

Sentimendu gazi-gozoak sortzen dituen egoera dela argi dago, batetik, herrialde oso baten pizkundea edo esnatzea gertatu delako.

Txiletarrek dioten bezala "no son 30 pesos, son 30 años", hau guztia ez baita metroko tiketen igoerak sorturiko ondorio bat, urteetan jasaten ari diren injustizia eta bizi-kalitate eskasaren ondorioa baizik, eta aski dela esan dute. Bestetik, gobernuaren eta beraz, poliziaren erantzuna beldurgarria izaten ari da. Erabiltzen ari diren errepresio eta dispertsio tekniken ondorioz, jende mordoa erail eta zauritzen ari da.Gertutik bizitu izan ditut nik ere, eta hori beragatik, herritarrak ere indar gehiagorekin ateratzen dira manifestazioetara. Oso haserre daude.

Zein alderdi nabarmenduko zenuke herrialdearen esnatze horretan?

Dudarik gabe txiletarren indarra eta ausardia nabarmentzekoak dira, orain bi hilabete hasi zen mugimenduak hortxe jarraitzen du, lehenengo eguna balitz bezala, nahiz eta beldurra baduten.

Eta bestetik, sortutako elkartasuna. Manifestazioetan adibidez, beti baitago jendea bikarbonatoarekin edo urarekin laguntzeko.

Edo beste egoera batera eramanda, unibertsitatean jaso dugun babesa ere izugarrizkoa izan da eta horrek ere asko lagundu digu egoera hau eramangarriagoa izan dadin.

Zein egoeratan sumatzen duzu herria? Zein oinarrizko behar ditu?

Beste itxura bat eman nahi duen arren, aspalditik oso zaurituta dagoen herrialdea da Txile. Santiagoren kasuan, adibidez, supermerkatuko produktuak Euskal Herrian baino garestiagoak dira, baina aldi berean, soldata minimoa 300 euro baino pixka bat gehiagokoa da. Beraz, argi ikusten da ezinezkoa dela hemen bizirautea.

Beste alde batetik, zerbitzu guztiak pribatizatuta daude; osasuna, hezkuntza, baita ura ere, eta prezio oso altuak jasan behar dituzte. Gainera, enpresa horien guztien jabeak gobernuko kargu ezberdinak dira, beraz, interesek mugitzen dute Txile, eta ez herriaren ongizateak.

Borroka luzatzen ari da. Ondorioak ere ilunak, hildako ugari dagoeneko… Nola ikusten duzu zuk etorkizuna?

Etorkizunaren inguruan, protestek jarraitu egingo dutela uste dut. Seguraski ez intentsitate berberean, baina ez dira geratuko.

Txiletar askok ezer galtzeko beldurrik ez dutela iruditzen zait, eta beraz borrokan jarraituko dutela nahi dutena lortu arte.

Izan ere, poliziaren errepresioa gogorra da, baina gazteen aldaketa nahia oraindik eta handiagoa.

Bestalde, konstituzio berri bat sortu nahi bada, argi dago prozesua gogorra eta luzea izango dela, eta Sebastian Piñeraren gobernuari dagokionez, ustelkeria eta konfiantza faltaz inguraturik daude. Zaila eta aldi berean esperantzaz beteta ikusten dut etorkizuna.

Ikasketekin zuzenean lotutako ikasgaiak baino zabalagoak ere ikasi dituzu, beraz, bertako egonaldiari esker…

Herrialde batek eduki dezakeen indarra ikusi dut, nire azalean esperimentatuz eta lehen aipatu dudan moduan, sortu den anaitasuna eta elkartasuna genero, erlijio edota kulturetatik haratago dagoen kontzeptu bilakatu da. Beraz, hemen ikasitako guztiak nire barnean ere 'klik' bat egin duela sumatzen dut, bizitza bizitzeko moduan. Eta hori, beti eramango dut nirekin. Beti diot, Txile esnatu egin dela, baina Txilerekin batera, baita ni ere.

*Argazkiak: Amaia Armendarizek bidaliak.

 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!