Ekintza nagusia Ezina Egina leloa Goikoplazan irudikatzea izango da, giza-irudia 450 lagunek osatu beharko dutena. Parte hartzeko nahikoa da izena eman eta bertara azaltzea telefono mugikorrarekin, hori bai, telefonoak linternatxoa beharko du eta bateria ongi beteta. Izan ere Ezina Ekina esapideko hizkiak osatzen direnean, telefono mugikorren linterna guztiak piztu eta argiztatu egingo da, Goikoplazako iluntasunean.
Ikuskizun xumea baina dotorea, eta ondoren, parte hartzen duten guztientzat txokolate beroa eta bustitzeko gozoren bat. Antolatzaileek 450 lagun inguru biltzeko erronka plazaratu dute, hizki guztiak behar bezala irudikatu eta argiztatu ahal izateko. Pena litzateke Larramendik hain ezagun egin zuen Ezina egina esapidea guztiz osatu gabe geratzea.
Horregatik, antolatzaileek dei egiten diete andoaindar euskaltzaileei, heldu zein gazteei, izena eman dezaten. Nahikoa da horretarako bazkuna@larramendi.org helbidera idaztea izena eta bi deiturak eta telefono zenbakia. Telefono deia ere egin liteke 656-782-521 zenbakira edo whatsapp mezua bidali. Esan bezala, urtarrilaren 25ean nahikoa izango da parte hartu nahi dutenek bere telefono mugikorra eramatea, bateria ongi beteta, argia emateko adina.
Ariane Obineta, Larramendi Bazkuneko lehendakariak dei egin die bereziki Andoaingo gazteei adieraziz “Larramendi eguna Andoaingo euskalgintza biziberritzeko eta gaztetzeko erronka gisa ulertu behar dugu, aurrera egin beharra baitugu garbi jakinez non eta noiz abiatu ginen euskara gure hizkuntza gisa aldarrikatzeko ahaleginean. Eta hasiera hura Manuel Larramendiren eskutik etorri zen orain 300 urte inguru. Gazteon erantzukizuna da soka horri jarraipena ematea. Urtarrilaren 25ean Goikoplazako ekintzan parte hartzera deitzen ditugu Andoaingo gazte guztiak. Mugikorra eraman eta euskaraz zinez bizi gaitezkeela adieraziko dugu. Ezina ekinez egin baikenuen!”
.