"Nire belaunaldikook gaizki pasa dugu, mina jasan dugu, eta hori ez da ahazten"

Jon Ander Ubeda 2020ko urt. 16a, 07:28

Oscar Villafañe Merino andoaindarrak lehen elkarrizketa luzea eskaini dio Aiurriri, bere historiaren berri emateko. ETAren biktima bikoitza da, aita eta aitona atentatu banatan galdu zituelako. Aita galdu zuen, jaiotzear zela, 1978an. Aitona, berriz, 1993an. Ostegun honetan zabalduko den astekariko gai nagusia da. Gaurkoan paperezko edizioan irakurri ahal izango da, eta bihartik aurrera sarean.

Oscar Villafañe Merino 1978an jaio zen andoaindarra da, eta askorentzat pertsona ezaguna da. Ezezaguna dena bere historia da. Azken asteetan berarekin izandako solasadiak eta gero, Aiurri astekariari elkarrizketa luzea eskaini dio. Zein da atzean ezkutatzen den historia? Biolentziarekin zerikusia duen historia.

 

Lehen galera Villafañeren etxean | 
DOMINGO MERINO AREVALO OSCARREN AITA

1978/7/5. ZARAUTZ. KALEAN TIROKATUTA HIL ZUTEN.

Garai hartan bizilekua zuen hotelaren parean tirokatu zuten, autoa aparkatzen ari zela. Zestoan egin zen hileta elizkizuna; ondoren, bertan lurperatu zuten. ETAk hilketa bere gain hartu zuenean, Merinori Guardia Zibilaren kolaboratzaile izatea leporatu zion. Hurrengo egunetan, ABC egunkariak Estanislao Treku bere adiskidearen adierazpenak jaso zituen; hark gezurtatu nahi izan zuen Txomin konfidentea zenik.

28 urte zituen Merinok, ETAk erail zuenean. Arevalo herrian (Ciudad Real) jaio zen, baina zortzi urte zituenean gurasoekin batera Zestoara etorri zen bizitzera. 1973an atxilotu egin zuten, propaganda subertsiboa banatzea eta diru faltsua edukitzea leporatu zioten, eta ia bi urte preso egin zituen Jaen, Madril, Logroño eta Martuteneko presondegietan.

Ehun-saltzailea zen lanbidez. Ezkonduta eta banatuta zegoen garai hartan, eta sei urteko alabaren aita zen. Maria Angeles Villafañe Campo bere bikotea zen, eta haurdun zegoen hilketa gertatu zenean. Are gehiago, harekin egon eta gero tirokatu zuten.

Emaztegaiak uztailean bikotekidea galdu, eta irailean jaio zen Oscar. Haurrak ez zuen aita ezagutzeko aukerarik eduki, beraz.

OSCARREN HAUSNARKETA:  "Egia osoa 20 urterekin jakin banuen ere, amari ez nion sekula egia kontatu ez izana aurpegiratu. Ni babesteko egin zuela jakin badakit, nire baitan gorrotorik ez pizteko. Izan ere, bost urteko mutiko bati ezin zaio aita ETA-k erail diola esan. Lehergailu bat egitearen parekoa baita hori, eta ez dakizu nolakoa izango den hemezortzi urterekin".

 

 

Bigarren galera Villafañeren etxean | 
JUVENAL VILLAFAÑE GARCIA OSCARREN AITONA

1993/9/16. ANDOAIN. LEHERGAILUA JARRITA HIL ZUTEN.

Makaldegiko aparkalekuan, autoan jarri zioten lehergailu batek oso zauri larriak eragin zizkion. Oraindik bizirik eraman zuten Arantzazuko ospitalera, baina berehala hil zen. Hileta Andoaingo San Martin elizan egin zen, eta bere emaztearen jaioterrian Islares herrian (Kantabria) lurperatu zuten.

Villafañek 77 urte zeuzkan hil zutenean. Leongo Mansilla de las Mulas herrian jaio zen, familia errepublikar batean. Gerrak soldaduska egiten harrapatu zuen eta Francoren troparekin egin zuen borroka. Eta orduan luzatu zioten guardia zibil gisa  aritzeko eskaintza. Gerra bukatuta, jaioterrira itzulita, panorama tristea topatu zuen: Gosea, miseria, lanik eza..., eta guardia zibil sartzea erabaki zuen.

Juvenal Villafañek Andoaingo kuartelean urte bakan batzuk egin ostean, Aldundian hasi zen lanean, funtzionario gisa. Bertan hartu zuen erretiroa hamar urtetan jardun ostean, eta harrezkero burokrazia ofizialari lotutako agiritegiak (arma eta ehiza lizentziak, pasaporteak…) egiten zituen; Andoaingo hainbat herritarrek "Sarjento" ezizenez ezagutzen zuten, eta hainbat tramite ofizial egiten laguntzeko harengana jotzen zuten.

OSCARREN HAUSNARKETA: "Makaldegira jaitsi zen ibilgailua etxe ondora gerturatzera. Eta hantxe galdu zuen bizia aitonak, etxean bizi ginen gainerakook ez bezala. Izan ere, hori ostegunarekin gertatu zen, baina igandea izan balitz zer? Nire urtebetetze eguna zen eta Beharbada, autoa hartu eta ospatzera joango ginen. Pertsona bakarra lehertu beharrean, denak lehertuko ginatekeen orduan".

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!