2018ko irailean 25 urte bete ziren ETAk Juvenal 77 urteko herrikidea hil zuenetik, auto-bonba erabilita. Efemeridearen harira, Blanca alabarekin saiatu ginen. Ez zen posible izan. Baina ez genuen etsi eta, informazio gehiago bilduz joan ahala, Villafañeren kasuari arreta berezia zor zitzaiola ondorioztatu genuen. Zerk egiten du kasua berezi? Informazioa lantzen ari ginela ezusteko datuarekin topo egin izana: Oscar Villafañe Merino, Blancaren iloba, ETAren biktima bikoitza da. Kasu bakanetakoa da, Euskal Herrian. Andoaindarrentzat Juvenalen biloba da, eta aitaren historia ezezaguna da erabat.
Zorigaiztoko egoera hori gizarteratu beharra dagoela uste dugu, bizilagun eta herrikide direnek bere historia ezagut dezaten. Oscar ez baita inoiz ezkutatu, Andoaingo herritar bat gehiago da. Eta halaxe izaten jarraitzen du, bertan bizi baita. Ez du, gainera, sorterria uzteko inongo asmorik. Hari egindako elkarrizketa irakurtzea ariketa deserosoa egingo zaio bati baino gehiagori. Baina beharrezkoa da, gatazka alde batera utzi eta elkarbizitzan sakondu nahi badugu.
Kasu hau argitara eman arteko ibilbidea azalduko dut, segidan. Juvenal aitona aipatzen hasi beharko genuke. 1960ko hamarkadan guardia zibila izan zen. Baina erretiroa hartu arte, Aldundiarentzat lan egin zuen. Hiru alaba izan zituela, eta hiruretatik bakarra bizi zela bagenekien. Blanca izena du, eta urtero Elkarbizik antolatzen duen Memoria Eguneko lore-eskaintzan parte hartu ohi du. Harengana hurbildu ginen, 2017ko azaroan, eta elkarrizketa egiteko aukera eskaini genion. Ez zuen oso garbi ikusi, baina bitan saiatu ostean, elkartzeko prest agertu zen. Solasaldia izan zen, elkarrizketa baino gehiago. Elkartze hartatik orrialde osoko artikulua prestatu eta bi bertsio utzi genituen haren esku. Bata, euskaraz. Eta, bestea, gaztelaniaz. 2018ko urtarriletik irailera bitarte, haren erantzunaren zain egon ginen. Herritarrari begira balio handikoa zela uste genuen, iraganean hainbeste sufritu zuen familiaren ahotsa entzutea ariketa aberasgarria zelakoan. Azkenerako, bederatzi hilabete eta gero, ezezkoa erantzun zigun. "Ez dakit komeni den gu betirako izatea biktimak...", argitaratu gabeko elkarrizketa haren pasarteetako bat zen. Argigarria.
Bizimodu lasaia eta apala darama Blanca Villafañek. Eta oso errespetagarria da hedabideetatik aldentzeko erabakia.
2018ko iraila zen, eta Juvenalen aurkako atentatuaren 25. urteurrena gainean zegoen. Elkarrizketa argitaratzeko baimenik gabe, gertaera hari buruzko erreportajea egitea erabaki genuen. Informazioa lantzen hasi ginela, ustekabean, internet sarean Diario de León egunkariko artikulu bat topatu genuen. "Gogorra da, baina gogor izaten ikasi egiten da" izenburupean, Oscar Villafañeri egindako elkarrizketa irakur zitekeen. Domingo Merino Oscarren aitaren aurkako atentatua aipatzen zen bertan, nahiz eta artikuluaren pasarte handiena aitonari buruzkoa izan. Biktima bikoitza zela irakurtzean, dei ezberdinak egin genituen. Eta orduan jabetu ginen Andoainen erabat ezezaguna zela Oscarren biktima bikoitzaren izaera hori.
Blanca Villafañe 25. urteurreneko omenaldi ekitaldi berezira hurbildu zen. Baita, orduko hartan, Oscar Villafañe ere. Ekitaldian bertan luzatu genion Oscarri elkarrizketa egiteko gonbitea. Ez zuela bere burua egoera horretan ikusten, horixe izan zen lehen erantzuna.
Urtebete geroago, 2019ko irailean, elkarrizketa laburra eskaini zuen COPE irratian. Ez genuen etsi, eta saiakera berria egin genuen. Oraingoan bai, gurekin elkartzeko prestutasuna adierazi zigun.
Oscar Villafañe Merinok Aiurri astekariari eskaini dio lehen elkarrizketa luzea. Kazetaritzan dir-dir berezia egiten duen "primizia" horrek itsutu beharrean, denbora eman genion elkarri. Ez zegoen presa berezirik, kasua behar bezala argitaratzeko borondatea baizik. Bizitza diskretoa badarama ere, Oscarrek oraingo honetan Aiurrin agertzeko interesa erakutsi du. Aiurrik Andoain aldean irismena baduelako. Bere mezua dagokionari iritsiko zaiolako. Hots, bizikide duen andoaindar orori. Erredakzio taldetik, horrexegatik, eskertza adierazi nahi diogu.
Dagoeneko hil zaizkion aitona, amona, aita, ama, izeba... Galera horiek guztiak hizpide izan ditugu. Deigarria da, hain gaztea izanik, ia familia osoa hilik edukitzea.
Bakardade horrekin batera, deigarria egin zaigun beste errealitatea biktima modura bizi izan duen sufrikarioa da. Aita eta ama ez zeuden ezkonduta. Beraz, familia-agiririk gabe, Oscar ez zen ofizialki biktimatzat hartu. 1978an jaio zen Oscar, eta epaibide luzea igaro zuen harik eta 2014an biktima ofizialtzat hartu zuten arte. 1993an, aitaren funtzioa betetzen zuen aitona galdu zuenean ere, Oscar ez zen biktimatzat hartu. Biktimen Legeak, biktima izendatzeko, soilik lehen belaunaldia kontuan hartzen duelako. Juvenal aitonak aitaren papera bete bazuen ere, legeak ez ditu gauza horiek ulertzen. Antza denez, ezta legeak bideratzeko gaitasuna duten teknikariek eta politikariek ere. Alde horretatik, oztopoz beteriko bizitza izan du. Bizipen horien eraginez, elkarrizketan zehar erakundeen inguruan aho-bilorik gabe hitz egiten du. Gogor, eta zorrotz.
Elkarrizketa argitaratu baino lehen, behin baino gehiagotan elkartu ginen berekin. Lehenengo elkartze hartan kontaketa gordina egin zuen. Kazetari batek sekula ahazten ez duen saioa izan zen. Gerora, lehen bertsio gordin hura arindu egin zuen.
Herrikidea buruan duen solaskidea izan da Oscar. Ezagutu dezagun bere historia, gatazkak gogorki kolpatu duen historia.