Astelehenero biltzen jarraitzen duzue, eta zuri taldeko animatzailea izatea egokitzen zaizu.
Pankartaren atzean ordu erdiz isil-isilik egotea triste samarra iruditzen zitzaidan, eta soinu-ekipoa eta gitarrarekin agertzen naiz, pentsioei buruzko idatziak irakurtzen ditut, esloganak zabaltzen edo nahi duenak nahi duena adierazteko gonbitea luzatzen. Tarteka abesti-protestak (Txoria txori, Bella Ciao…) abesten ditut. Ez zait kostatzen abestea, nahiz eta ahots kaskarra eduki. Jendea ez zait kexatu, oraingoz…
Bi urte betetzera doa astelehenetako hitzordua. Nekea nabaritzen al da jendearen aldetik?
Egia da jaitsi egin dela biltzen garenen kopurua. Ez dakit zergatik ote den, protesta egiteko makina bat arrazoi baitauzkagu, ez pentsiodunek bakarrik, gizarte osoak baizik. Ez da sakrifizio handiegirik eskatzen, astean ordu erdiz biltzea. Pozgarria da zenbait herritar erakusten ari diren tinkotasuna. Baina aldi berean, kritikoak izan behar gara beste askoren utzikeriagatik. Zenbait pentsiodunen jarrera, hasteko; pentsio duinak dauzkatela pentsatuta, badira elkartasun keinurik agertzen ez dutenak, eta badira aprobetxategiak ere, besteen borrokari esker baliatzera ohitu direnak. Bestalde, herrian milatik gora langabetu badirela diote estadistikek, baina kolektibo hori ere ez da plazara agertzen.
Argi dago etorkizunean Goikoplazara hurbiltzeko deialdia luzatuko zeniekela herritarrei.
Bai. Komunikabide handiei kasu eginez gero, badirudi astelehen goizetan hiriburuetan bakarrik egiten direla elkarretaratzeak, eta Bilbon batez ere. Baina begiratua Gipuzkoara luzatzen baduzu amaigabea da zerrenda, Lasarte-Oria, Amasa-Villabona, Hernani, Tolosa, Beasain… Izan pentsiodun, izan gazte, izan langile, izan langabetu… guztiei luzatuko nieke gonbitea, ahal dutenetan Goikoplazara azaltzeko. Denoi dagokigu desadostasuna agertzea.
Gobernu berriak, dekretuz, erretiro-pentsioak % 0,9 igotzea onartu du egunotan.
Pauso bat da, baina ez da nahikoa. 2020ra begira bakarrik hartu du erabakia; ez dakigu urterokoa izango den KPIren (Kontsumoko Prezioen Igoera) araberakoa. Eta ez du deusik aipatu edozein pentsiodunek bizitza duina egiteko 1.080 euroko eskaeraren gainean. Lan erreformei buruz egindako adierazpenek ere ezin gaituzte ase: Beti herritarren kalterako izan diren lan erreforma guztietatik soilik azkenekoa ukitzeko asmoa agertu dute, eta gainera, bere zenbait artikulu erretiratuko omen dituzte, ez guztia.
Urtarrilaren 30erako greba orokorra deitua dago. Zenbait sindikatuk eta pentsiodunen kolektiboaren zati batek ez du deialdia ondo ikusi.
UGT eta CCOO sindikatuena normaltzat jo daiteke zoritxarrez, horien goi organoek aspalditik gobernuen dietekin bizitzera ohitu baitira. Bestalde, pena ematen dit pentsiodunon artean gertatu den zatiketa. Ezezkoek argudiatu dute batu ezinak direla pentsiodunen aldarrikapenak eta langileenak, sektoriala behar duela izan borroka. Ikuspegi murritza dela iruditzen zaigu hori, dena baitoa kateatuta, lan prekarietatea, soldata baxuak, pentsio eskasak… Lege injustuek herritar guztien ongizatea kaltetzen dute eta guztiok batuta erantzun beharko genieke. Frantziako herritarren eredua hartuko nuke gogoan. Han lan eta gizarte munduko sektore guztiek bat eginez erakutsi digute protestek eta mobilizazioek agintariengan eragina daukatela.