Hauxe da grebaren oinarrian dagoena, deitzaileen arabera: "Euskal sindikatuok eta eragile sozial ugarik –pentsiodunak, feministak, ekologistak, gazte-mugimendua, bazterketa sozialaren aurkako plataformak, Ekonomia Sozial eta Solidarioaren Sarea...– osatzen dugu Karta. Prekarietatearekin amaitu eta lan baldintzak duintzeko neurriak hartzeko beharra jarri dugu mahai gainean: lanaldia 35 ordura jaistea, 1.200 euroko gutxieneko soldata ezartzea, soldata-arrakala amaitzea nahiz azpikontratazioetan enplegua eta lan-baldintzak bermatzea. Era berean, egun ukatuak diren eskubide sozialak aitortzea erreklamatzen dugu, besteak beste, alokairu sozialeko etxebizitzak eskuragai izatea edota menpekotasun egoera guztiei erantzun egokia ematea, zerbitzu sozialen sistema publiko, unibertsal eta doakoaren bidez. Bizitza erdigunean jarriko badugu, ezinbestekoa da zaintza lanak ikusarazi, duindu eta bermatzea".
Azken urteetan murrizketekin galdutakoa berreskuratzeko garaia dela diote, "Pentsio, lan-baldintza eta bizitza duinak nahi ditugu. Eskubidea dugu eta lortu arte borrokan jarraituko dugu, planeta suntsitzen ari den sistema ekonomiko eta sozial kapitalista, neoliberal, patriarkal honek ezartzen duen logikaren aurka. Mobiliza gaitezen, beharrezkoa da, nahi dugun aldaketa denon artean bideratzeko". Urtarrilaren 21ean, asteartearekin, agerraldia egitekoak dira Andoaingo Goikoplazan arratsaldeko 18:00tan hasita.