Urtero-urtero ehun lagun inguruk ematen dio errondari hasiera Larramendi Bazkunaren Dr. Huizi kaleko egoitzaren parean, behin bertako mastan Santa Ageda eguna Euskal Herriko eguna dela gogorarazten duen ikurriña lau haizeetara ipini ondoren. Arratsaldeko seietatik aurrera herriko kaleetan barrena ibili ohi dira Santa Ageda bezperako koplak kantari, baita neguko Otso beltzarenak ere. Zortzi eta erdietan inguru eman ohi diote amaiera errondari.
Baina Santa Ageda bezpera iritsi aurreko egunetan parte hartuko duten askok koplak eta kantak prestatzen dituzte Ramon Beraza musikariaren zuzendaritzapean. Aurten, ahotsak, kantak eta soinuak prestatzeko saio bakarra egingo dute: urtarrilaren 29an izango da, asteazkenarekin, iluntzeko zazpi eta erdietan –ERNE!! ZAZPI ETA ERDIETAN- (19:30) Pio Baroja kalean dagoen Ambrosia Olabide Gizarte Zerbitzuen atarian.
Larramendi Bazkunetik adierazi digute edozein herritarrek parte har dezaleela errondan, tradizioak agintzen duen bezala jaztea eta kantatzea dela jartzen diren bi baldintza bakarrak, eta ahal dela –hori bai– entsegura joatea. Aurten, gainera, ezustekoren bat ematekotan dira, aurrenekoz berariaz osaturiko koplak kantatuz eta Sana Agedaren lagun berriren bat izendatuz. Erronda amaitu ondoren afaria egingo dute Berrozpeko Ontza Elkartean izena aurretik ematen dutenek.