Bi urteko ibilbidea betetzera doan elkarretaratzean zehar irakurri duten agirietako batean zera adierazi dute: “Pedro Sanchezen gobernu berriaren lehen neurriak eta asmoak ez dira espero genuena”. Zehaztu dute zerk ez dien asebete: “pentsio guztietan %0,9ko igoera, baita baxuenetan eta kotizazio gabekoetan ere; mugagabeko atzerapena eta Lanarteko Gutxiengo Soldataren igoera Toledoko Itunaren gomendioei eta Elkarrizketa Sozialerako Mahaiaren akordioari lotuta egotea; pentsioen eta lan-arloko erreformen indargabetzea edo funtsezko aldaketa atzeratzea -batzuk bakarrik-, horiek ere aurreko erakundeen akordioen mende baitaude”.
Pentsioak %0,9a igotzeko hartutako erabakiaren gainean, badute zer kritikatua: “esan digute igoera horrekin pentsiodun guztien erosteko ahalmena bermatzen duela, baina baieztapen hori zalantzazkoa eta diskriminatzailea baino ezin du izan, batik bat pentsio baxuekin edo diru-sarrera baxuak dituzten pertsona edo familiekin. Herritar gehienen oinarrizko beharren kostua (erosketa-poltsa, elektrizitatearen gastuak, gasa, erregaiak…) 7 puntu baino gehiago igo da azken hiru urteetan, eta KPIren metaketa 3,8 puntukoa da. Egoera hori 2030an errepikatuko dela aurre ikusten da”.
Azkenik, urtarrilaren 30eko grebara deitzeko asmoz, bihar, asteartearekin, 18:00etatik aurrera Goikoplazan egingo den prentsaurrekoan parte hartzeko gonbidapena luzatu dute.