'Ezina egina' leloa irudikatuko dute larunbatean, Larramendi egunean

Ainhoa Arozena 2020ko urt. 23a, 07:51

Urtarrilaren 25ean Larramendi eguna antolatuko du Andoaingo hainbat elkarte, ikastetxe eta eragilek, elkarlanean. Manuel Larramendi Kultur Bazkunak koordinatuko du ekimena eta,  Manuel Larramendi, Andoaingo euskalari eta euskaltzalea izan zenari omenaldia egiteaz gain, herriko euskaltzaleak suspertzea dute helburu.

Datorren urtarrilaren 29an 254 urte beteko dira Manuel Larramendi Andoaingo idazle, hizkuntzalari eta euskaltzale sutsua hil zela. Ez da urteurren borobila, baina haren irudia omentzeko baliatu nahi dute urtarrilaren 25eko Larramendi eguna. Era berean, baita Andoaingo euskaltzaleak suspertu eta euskararen alde herrian egiten den lanari bultzada emateko ere. Manuel Larramendi Kultur Bazkunak koordinatuko du ekimena eta hiru helburu nagusi izango ditu: Batetik, Larramendiren irudia eta obra ezagunago egitea. Bestetik, euskaldunentzat nahiz euskara ikasten ari direnentzat suspergarri izatea eta hirugarrenik, Manuel Larramendi Kultur Bazkunaren lanaren berri ematea.

Urtarrilaren 25ean, larunbatarekin, beraz, arratsaldeko 18:30ean hasita, 'Ezina egina' leloa irudikatuz, 400 laguneko giza-irudia osatuko dute Goikoplazan, Manuel Larramendiren omenez jarritako harrizko irudiaren ondoan. Mugikorren argiarekin argiztatuko dute leloa. Adierazpena irakurri ondorenean, gerturatzen diren guztientzako txokolate beroa banatuko da, Manuel Larramendi zenaren gustuko gutizia.

Larramendi, ezezaguna

Jon Unanue, Manuel Larramendi Kultur Bazkuneko zuzendariak, Larramendiren heriotzaren urteurrenaz gain, urte garaia ere halako omenaldiak egiteko egokia dela adierazi du," negua aproposa izaten baita hausnarketarako". Larramendi Bazkuneko zuzendari ez ezik, Andoaingo Udaleko interprete nahiz itzultzaile ere badenak, Manuel Larramendiren irudia Andoainen eta neurri handi batean, baita Euskal Herrian ere, guztiz ezezaguna dela uste du. "Elite kulturaletatik kanpo, oro har, oso jende gutxik ezagutzen du Larramendi eta elite kulturaletan, goi mailako kulturgile eta hizkuntzalarien artean ezaguna izan arren, aurre-iritzi eta juzku-txar okerrez beteta dago jendea".

Hasi berri dugun urtean, beraz, juzku-txar okerrak baztertu eta Manuel Larramendiren benetako irudia ezagutarazi nahi dute, "herri mailan polita iruditu zaigu urteari hasiera ematea –aurten Euskaraldia ere ospatuko denez– euskalgintza eta euskalaritza sortu eta biziberritu zuen gizonari omenaldia eginez. Horixe izan baitzen Larramendi", adierazi du Unanuek. Garbi dauka Manuel Larramendiren 'El imposible vencido' edo 'Ezina egina' gramatikari esker eta bere hiztegi hirukoitzari esker izan ez balitz, gaur ez genukeela hitz egingo ez euskalgintzaz, ez euskalaritzaz, "eta agian ez genuke dagoeneko euskaraz ere hitz egingo". Izan ere, bere ustez, XVIII. mendea erabakiorra izan zen; "hizkuntza nazional berriek beren lekua hartu zuten eta beren lekua hartzeko, bertako hizkuntza zahar guztiak zokoratu eta baztertu egin ziren. Prozesu hori bete-betean gertatzen ari zen momentuan, Larramendik 'ez' esan zuen. 'Ez. Euskara beste hizkuntzak adina bada, edo gehiago, eta hori frogatzeko gramatika bat egingo dugu'. Izan ere, euskarari baserriko hizkuntza izatea leporatzen zioten, ez zela arauetara ekar zitekeen hizkuntza ere. Larramendik 1729. urtean argitaratu zuen 'El imposible vencido' euskararen lehen gramatika eta horregatik jarri zion izen hori ere. Gaztelaniaz idatzi zuen, irakurriko zutenak erdaldunak baitziren; euskaraz ia ez baitzuen inork irakurtzen orduan, elizako doktrinak ez baziren behintzat".

Bere gramatika idatzi eta urte batzuk geroago, Loiolan hamabi urte lanean igaro eta gero, bere hiztegia argitara eman zuenean, "hortik aurrera sortu zen hegoaldeko literatura, hortik aurrera euskalaritza eta baita hurrengo mendeetan euskara gaur egun dagoen lekuan jarri zuen hauspo berri bat ere. Hori guztia, neurri handi batean Larramendiri zor zaio, nahiz eta jende askok ez dakien", gogorarazi du.

Zazpiak bat

Euskarari dagokionez, euskara zegokion mailara ekartzeaz gain, Gipuzkoako probintzia eta Euskal Herria hein handi batean antropologikoki kokatu egin zuela ere adierazi du Jon Unanuek, 'Corografia de Guipuzcoa' obrari esker. "Politikoki ere, foruzaletasunari berehaldiako indarra eman zion bizi izan zuen mende horretan. Oso proposamen aurreratuak egin zituen bere garairako. Zazpiak bat, zazpi herrialdeek bat egiteko lehenengo proposamena berea da. Berak baino lehenago ez zuen beste inork egin".

Hizkuntzalaritza edota filologiak XIX. mendean sortutakoak direnez, Manuel Larramendik bere lana, hizkuntzari zegozkion garaiko irizpideetan oinarrituta idatzi zuela defendatzen du Unanuek, izan ere, bere ustez, "gaur, 200 urte geroago osatutako printzipioekin neurtzen dugu Larramendiren lana. Eta Larramendiren lanaren helburuak oso garbiak ziren; euskara behar zuen lekuan jartzea".

Euskararen alde lan eginagatik, bere obra ia guztia gaztelaniaz idatzi izana leporatu izan zaio maiz Larramendiri, eta horren aurrean, "hori ezin ziurta daiteke; bere obra gehiena bahitu egin baitzuten eta, ondorioz, desagertu egin baitzen", dio Jon Unanuek. "Sebastian Antonio Gandara idazle bizkaitarrari Larramendik gutun bidez esaten zion bazeuzkala euskaraz idatzitako lanak, baina 'beltx hauek uzten didatenean emango ditut argitara' zioen. Beltxak iosulagun edo jesuitak ziren, noski, eta ez zioten sekula utzi bere lanak argitaratzen. Larramendi hil eta hurrengo urtean iosulagunak Espainiaren menpeko lurralde guztietatik bota egin zituzten eta Larramendirenak ez ezik, beste jesuita askoren lanak galdu ziren orduan betiko. Batzuenak gerora azaldu ziren, baina ez guztienak. Eta euskarazkoak, bereziki, oso gutxi azaldu dira".

Apologiak, gramatika eta hiztegia

Jon Unanuek zehaztu duenez, hiru alor landu zituen batik bat Manuel Larramendik: "batetik, apologiak. Egun apologiak oso gaizki ikusita daude, ez direlako zientifikoak. Baina bere garaian bere funtzioa izan zuten eta ez bakarrik Larramendirenek, beste hizkuntza askotako apologiak ere bai baitaude. Apologiaren alorrean lehia zegoen, 'gu hobeak gara' esateko eta edozer erabiltzen zen orduan. Larramendik latina edota grekera euskaratik zetozela esan zuen eta bere apologia horiekin ematen zuen frogatutzat, baita euskara hizkuntza perfektua edo lehena zela ere, Tubalen hizkuntza. Hori guztia mitologia izanagatik, berari horrek balio zion apologia egiteko eta besteek euskara zapal ez zezaten", azaldu du. Bestelako hizkuntzatan erabiltzen zituzten apologiak ere ez ziren askoz ere zientifikoagoak Larramendi Bazkuneko zuzendariaren ustez, antzekoak baizik. "Bigarren alorra, gramatika. Koldo Mitxelenak aitortzen zuen bezala, hutsetik sortutako gramatika izateko, oso landua zen Larramendirena. Eta hirugarren, hiztegia. Hitz asko asmatu zuela esan izan bada ere, ez zuen bere hiztegia oraingo irizpide filologikoekin antolatu, baina gaurko filologoek bere hiztegia sakon aztertzen dutenean, txundituta geratzen dira. Hitz fakultatibo asko asmatu zuela bai, baina fakultatiboak; gainontzeko guztiek egiten zuten bezala, hitz tekniko berriak".

Hitz fakultatiboak eta arruntak

Proposatu zituen hitzen artean asko bazterrean geratu baziren, hori begiz jo zutelako gertatu zela adierazi du Unanuek, "baina beste batzuk geratu egin dira euskaran. Hizkuntzak aukera hori baldin badu, hitz fakultatiboak sortu egin behar zirela esaten zuen Larramendik. Eta berak esaten zuen bat-batean ez zirela denak erabili behar, ulertezina bihurtuko zelako bestela hizkuntza. Pixkanaka, poliki-poliki sartu behar zirela".

Besteak beste, medizinan edo mekanikan..., zientziatan sortzen ari ziren hitzak ziren hitz fakultatiboak, "hitz berriak, gure nekazariek ez baitzituzten erabiltzen eta Larramendik asmatu egiten zituen, esaterako, atzizkien bidez. Baina, hitz arruntak, ohikoak zirenak, hiru baino ez zituela asmatu esaten du berak: godaria, txokolatea esateko; surrautsa, tabakoa esateko eta sutunba, kanoia esateko. Orduan txokolatea edota tabakoa oso modako produktuak ziren, exotikoak, Ameriketatik zetozenak. Eta indar handiarekin sartzen ziren hitz berriak zirenez, aldaera horiek asmatu zituen. Gerora hitz horiek ez zuten jarraipenik izan, baina bai bere beste askok; garrantzitsu hitzak, esaterako".

Ezkutuan, itzalik gabe

XIX. mendean, filologiak sortu zirenean, Larramendi gainetik begiratu zutela uste du Unanuek, hitzak asmatu egiten zituela edo gauzak zehaztasunez esaten ez zituela leporatuz, "bere hiztegian ez baitu zehazten hitz bakoitza zein euskalkitakoa den. Hala ere, egun dialektologiaren sortzaileetako bat kontsideratzen da Larramendi. Baina berak ez zeukan horretan interesik. Berak, euskara batu egin behar zela defendatzen zuen, euskalki guztien ekarpena eginez. Bakoitzetik egokia zena hartuz".

Gipuzkoari eta Euskal Herriari sekulako bultzada eman ziola iritzi dio Unanuek, baina bere itzala ezkutuan geratu zela erabat. "Iosulagunen artean gorenetakoa izan zen, oso gizon jakintsu eta argia, eta nahi izan bazuen, unibertsitate mailan ere eminentzia izango zen. Baina euskarak zer nolako eraso jasotzen zituen ikusi zuenean, euskararen, Gipuzkoaren nahiz Euskal Herriaren aldeko estrategia landu zuen eta, esan bezala, euskarari bere lekua ematen saiatu zen".

Garai hartarako oso heldua zela hil zen Larramendi, 76 urterekin. "Sei hilabete igaro zituen gaixorik. Gandarari zuzendutako gutunean esaten du '73. urtea bete det. Hortz guztiak dauzkat, ez det ardorik edaten...', baina ahuldu egin zen eta iosulagunek hiltzera zihoala sumatu zutenean, Gaztelako probintzialak Larramendi hil bezain laster, bere logela eta langela ixteko eskatu zion Loiolako buruari eta bidal ziezazkiotela han zeuden paper guzti-guztiak. Garai hartarako idatzita baitzeukan 'Sobre los fueros de Guipuzcoa' eta bertan proposatzen baitzuen zazpi herrialdeek bat egitea. Garai hartan pentsaezina zen ideia".

Erreferente

Jon Unanuek ez dauka zalantzarik, Euskal Herriko historian egon den pertsonaiarik handienetakoa da bere ustez Larramendi, "baina bere herriak, –Andoainek, Gipuzkoak eta Euskal Herriak, oro har– , bizkarra eman dio. Ez fede txarrez, ezagutzen ez dutelako baizik. Eta egin zuena ezagutarazi egin behar da, euskaldunontzat erreferente delako, XVIII. mendean jada aurrera egin zuelako". Hortik aurrera, euskarak bidegile asko eta oso handiak eduki dituela adierazi du eta, besteak beste, Koldo Mitxelenaren lana ikaragarria izan zela aitortu du, baita azken hilabetean Andoainen gogoratu den Rikardo Arregi edota beste idazle askorena ere. Hori bai, euskarak sorkuntza arloan urrezko aroa bizi badu, kontsumoa krisian dagoela gaineratu du.

Argitalpenak

Manuel Larramendik, lanik gehienak gaztelaniaz argitaratu zituen arren, bere liburuetako euskarazko idatzi laburrez gain, elizako sermoiak, lagunei idatzitako gutunak edota hitzaurreak ere badira. Ondorengoak, argitalpenak:

- El Imposible Vencido. Arte de la Lengua Vascongada (1729). Euskaraz ‘Ezina egina’.

- Hiztegi Hirukoitza (1745). Gaztelania-euskara-latina.

- De la Antig¸edad y universalidad del Bascuence en EspaÒa (1728).

- Discurso histÛrico sobre la antigua famosa Cantabria (1736).

- CorografiÌa de Guipuzcoa (1754).

- Sobre los fueros de Guipuzcoa (1756-58, 1983).

 

Egitasmo handia

Hamar urte barru, 300 urte beteko dira Manuel Larramendik idatzitako 'El imposible vencido' gramatika argitaratu zela. Urteurren horren harira, Manuel Larramendi Kultur Bazkunak begiz jota dauka 2029. urtea eta ordurako, elkartea indartuta baldin badago behintzat, Larramendi eta bere obrari buruzko egitasmo handi bat jarri nahiko lukete martxan.

 

Aita Larramendi, biografia laburra

Manuel Garagorri Larramendi, Andoaingo Garagorri baserrian jaio zen, 1690ko abenduaren 25ean. Urtebete eskas zuela Hernanira eraman zuten, amaren herrira. 10 urtera arte bizitu zen bertan. Jon Unanuek azaldu duenez, "Nerabezaroa Bilbon igaro zuen iosulagunekin, elizmutil bezala. Gerora, ikasketak egiten hasi zenean, oso bizkorra zela konturatu ziren eta Bilbotik, Valladolid, Salamanca edo Palentziara igaro zen, besteak beste. Osatuz eta ospea hartuz joan zen pixkanaka. Bere nahia beti Loiolan sartzea zen, han hiztegia osatu nahi zuelako, baina iosulagunek ez zioten utzi lehen mailako jakintza gizona zelako eta gorteetan baliatu nahi zutelako. 1743tik 1766ra Loiolako santutegian bizitu zen, –batetik bestera ibili bazen ere–, eta bertan hil zen urtarrilaren 29an". Aita Manuel Larramendi bezala ezaguna. Txomin Garagorri zuen aita eta Manuela Larramendi ama. Dirudienez, aitak maitaleren bat izan zuelako eraman zuten Hernanira eta amaren abizena hartu zuen, aitarena beharrean. Idazlea eta euskararen defendatzaile sutsua izan zen; hizkuntzalaria, hizkuntzalaritza sortu aurretik, euskal foruen defendatzailea, historialaria...

Larramendi Bazkuna, bere izenean

Manuel Larramendi Kultur Bazkuna 1992ko azaroan sortu zen Andoain, Amasa-Villabona, Zizurkil, Asteasu, Aduna eta Larraulgo euskaltzale batzuen eskutik, euskara eta euskal kultura suspertu, osatu eta hedatzeko nahiz Manuel Larramendiren irudia ezagutarazi eta zabaltzeko helburuarekin.
Manuel Larramendirena da elkarteak 1993an sortu zuen Aiurri aldizkariaren izena ere. Andoaindarraren ondorengo idatzitik hartua: “…pizten zaizquit Aiurri-errecac eransi cizquidan suac eta garrac". Izaera, jitea, nortasuna esan nahi du, bada, gure aldizkariaren deiturak.



 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!