"Larramendi eguna Andoaingo euskaldunen bilgune izatea nahiko genuke"

Ainhoa Arozena 2020ko urt. 22a, 12:49

Joan zen maiatzean, ia 27 urtez Larramendi Bazkuneko lehendakari izan den Jon Unanueri lekukoa hartu zion Ariane Obineta andoaindarrak. 23 urteko gazteak betetzen du paper hori egun. Gogotsu agertu da erronka berriaren aurrean. "Sorpresaz jaso nuen proposamena, euskal filologiako ikasketak bukatu berritan. Baina aurrera egitea erabaki nuen eta hementxe nago, lanerako prest, nahiz eta oraindik kokatzen ari naizen", dio.

Gainean da urtarrilaren 25a, Larramendi eguna...

Bai eta batetik, gazte nahiz hain gazteak ez diren herritarrak erakarri nahi ditugu, Manuel Larramendi nor izan zen eta zer egin zuen ezagut dezaten. Bestetik, herriko euskaltzaleak bildu eta euskara indartzeko elkarrekin zein lan egin dezakegun aztertu nahiko genuke.

Urtarrilaren 25ean, 'Ezina egina' leloa irudikatuko dugu argiekin eta txokolatea banatuko dugu amaieran. Beti ere herritarrak erakartzea errazagoa izaten baita ekintzaren bat antolatuta. Hala ere, ez genuke egun horretako ekintza soilik izaterik nahi; urtean zehar ere, herrian euskara indartzen jarraitzeko olatua izan dadin nahiko genuke, euskarak egunerokotasunean behar duen indarra har dezan. Festa giroan ondo moldatzen gara euskaldunak, baina hortik kanpora ere lana egin behar dugu, bidea topatuta. Egun horretan parte hartzeko deia luzatu nahi diet andoaindarrei eta zalantzarik badute, gertura daitezela gugana. Larramendi eguna Andoaingo euskaldunen bilgune izatea nahiko genuke eta hortik aurrera elkarrekin lanean jarraitu.

Zein giro sumatzen duzu Andoainen, euskalgintzari dagokionez?

Andoainen bi talde daudela esango nuke; batetik euskara indartu nahi dutenak eta euskararen alde zeozer egin behar dela pentsatu arren, pausorik ematen ez dutenak bestetik. Ea bi taldeen arteko bidea egiten dugun.

Izan ere, oraindik euskarak zein garrantzia duen ikustea falta da. Gure izaeraren parte da euskara; euskarak egiten gaitu euskaldun eta ez Euskal Herrian bizitzeak. Ez da nahikoa noizean behin euskaraz irratia entzun edo telebista ikustea, noizean behin umearekin euskaraz hitz egitea... Hizkuntza erabili egin behar da, baita eskola, lantoki edo beste hainbat eremutatik kanpora ere. Bestela hor egongo da, baina ez da gurea izango. Herrian badira gai hori bueltaka darabilten gazteak eta ea asmatzen dugun elkarrekin zubi-lana egiten.

Horixe Larramendi Bazkunaren helburuetako bat, ezta? Gazteak elkartera erakartzea...

Gazte askori errespetua ematen dio elkartera gerturatzeak, urrunekoa ikusten baitute. Baina gertukoa da eta herrian eragin nahi du. Gazteak eta ez hain gazteak, euskararen inguruan lan egin nahi duten guztiak animatuko nituzke gerturatzera. Irekita gaude eta ahots nahiz ideia berriak entzun nahi ditugu. Beti izango dira ongietorriak proposamen berriak. Andoainen euskara bultzatu eta indartu nahi duten guztiek, beraz, ez dezatela beldurrik izan; haien ideien zain baikaude.

 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!