"Andoaingo Paisaia" aztergai izango da eskolako Agenda 21 programan

Eskolako Agenda 21 Programa 2004 urtetik Andoaingo ikastetxeetan martxan jarri zen. Programa hau ikastetxe eta inguruaren iraunkortasunaren eta kalitatearen alde hezkuntza komunitateak eramaten duen konpromisoa da.

Gai ugari landu dira ordutik, denak ere ingurumenarekin edo jasangarritasunarekin lotura dutenak. Ikasturte honi begira, gutxiago tratatu den gai bat landuko dute: paisaia. Ez bakarrik paisaiaren alderik atseginena edo naturalena; baita ere normalean baztertuta uzten den alderdia (industria, hiria etab.).

Programaren antolaketa:

Ikasturtearen lehenengo hiruhilekoan ikasleak gaian murgildu dira sentsibilizazio atala landuz. Paisaia ez da haien eguneroko bizitzan erabiltzen duten gaia. Beraz, lehenik eta behin honen inguruan sentsibilizatu dira, gaiaren inguruko orokortasunak barneratzeko bideo, artikulu edo fitxen bidez.

Ondoren, haien ikastetxearen inguruko paisaia aztertzen aritu dira. Egunero ikusten duten paisaia horren ezaugarriak aztertu dituzte, hobekuntzak proposatzen saiatzeko.

Bigarren hiru hilekoan herriko paisaia aztertzen hasiko dira. Hau da, haien herriaren egoeraren diagnostiko bat egingo dute. Andoaingo paisaia era askotariko atalez osatuta dagoenez, maila bakoitzak paisaia honen atal jakin bat aztertuko du.

Azken hiruhilekoan maila desberdinetan egindako lana bateratuko dugu. Azken finean guztien artean Andoaingo paisaiaren argazki orokor bat aterako dute. Ikastetxe desberdinetako ikasle ordezkariak Foro batetan elkartuko dira hartutako konpromisoak eta Udalari egin beharreko proposamenak adosteko. Orduan ezagutuko dira aurtengo lanaren emaitzak eta Udalak ikasleen proposamenei emango dien erantzuna.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!