Neurri zehatzak proposatu ditu EH Bilduk

Makaldegian kokatu nahiko luke EH Bilduk, Udal liburutegi berria.

2020ko Udal aurrekontu proposamena urtarrilaren 31n eztabaidatu eta bozkatuko da. EH Bilduk Gobernu taldeari inbertsio zerrenda zehatza aurkeztu diela iragarri du.

Andoaingo EH Bilduren prentsa oharra:

Abenduaren 19an udal gobernuko kideek 2020. urterako udal aurrekontua aurkeztu ziguten. Aurrekontu horien azterketa egin eta gero 2019. urteko udal aurrekontuen jarraipen gisa egin direla ondorioztatzen dugu. Bai mamian, eta bai forman. Logikoa den bezala partida berri batzuk irekitzen dira, baina inbertsio garrantzitsuenak udalak kutxan duen diruaren bidez finantziatuko dira, orain arte egin den bezala, eta ez aurrekontuetan jasota dagoenarekin.

Gauzak horrela Ehbilduk negoziazio prozesua ireki zuen udal gobernuarekin. Gobernuan ginenean oposizioak gurekin izaten zituen eztabaida antzuak eta egiten zituzten zuzenketa absurdoak alde batera uzteko garaia zela adierazi genuen batetik. Udalak duen egoera ekonomiko ona inbertsio estrategikoak finkatzeko aprobetxatu behar  dela adierazi genien bestetik.

2011. urtean udaletxean soldatak eta fakturak ordaintzeko diru nahikorik ez zegoela hartu zuen agintea Ehbilduk. 2020ko urtarrilean 6 milioi euro inguru egon daitezke inbertsioak egiteko. Hori dela eta, Ehbilduk diru hori nola kudeatuko den erabakitzeko proposamena luzatu zion udal gobernuari.

  • 500.000 euro | Kredituaren amortizazioa.
  • 1.500.000 euro | Udal Liburutegi berria.
  • 1.500.000 euro | Allurralde Kiroldegiko bigarren pista estalia.
  • 500.000 euro | Ur hornidura sarea eta saneamendua.
  • 250.000 euro | Herriko merkataritzaren berrindartzerako programak.
  • 355.000 euro | Irisgarritasun: Mimendiko arrapala, Dr. huitzi, Urigain igogailua.
  • 175.000 euro | Autokarabanen gunea.
  • 50.000 euro | Udal etxebizitzak konpontzen jarraitzea.

Proposamen honekin oraindik udaletxeko kutxan diru nahikoa (milioi bat euro baino gehiago) geratuko lirateke bestelako proiektuak egin ahal izateko.

Proposamen errealista da egin duguna. Honekin, Andoainek behar dituen proiektu estrategikoei bultzada handia emango genieke. Orain arte gure proposamenarekiko jarrera hotza somatu dugu udal gobernuko alderdien artean. Espero dugu udal gobernuak gure proposamena aintzat hartzea eta orain arte egin ez duten bezala,  andoaindarren beharrak eta interesak lehenestea. Lehia partidistak baztertuz. Ehbiluren botoa, datorren urtarrilak 31n, horren arabera erabakiko dugu.

 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!