Sagardoaren eta sagardotegien munduan umetatik hezi zara.
Txikitatik hemen bizi izan naiz. Bi urte nituenean baserria zaharberritu genuen, eta garai hartatik hemen bizi izan naiz. Azken urteotan ere, bizilekua berritzen aritu gara ama eta biok. Esaterako, duela urte batzuk, jantokiaren lekuan ikuilua zegoen eta orain sagardotegiko gune jendetsuena bilakatu da.
Gainera, lehen aitak baserrirako sagardoa egiten zuen. Beraz, egun batean, pauso bat aurrera ematea pentsatu zuen, eta 2000. urtean haritzaren egurrarekin baserria zaharberritu zuen.
Noiz hartu zenuen Mizpiradi sagardotegiaren gidaritza lana?
Duela bi urte sagardotegiari martxa pixkat eman behar zitzaiola ikusi genuen, eta, beraz, guztia aurrera eramatea ausartu nintzen. Egia esan, oso pozik gaude. Gerturatzen direnak pozik daudela ikusten ditugu, eta hori oso kontutan hartzen ari naiz.
Nortzuk kudeatzen duzue sagardotegia?
Laguntza behar izaten dut. Hein batean, gauza batzuk bakarrik egin ditzaket, baina sukaldean aritzeko eta zerbitzatzeko laguntza jasotzen dut.
Lagunek eta gertuko pertsonek laguntza handia eman didate, bestalde.
Lehen urtean sagardotegia aurrera eramatea gogorra izan al zen?
Denbora tarte txikian prestatu genuen guztia. Gauza asko egin behar izan genituen. Denborarekin, eta pixkanaka, instalakuntzak hobetzen joan gara. Merezi izan du, txukun utzi dugu sagardotegia.
Egia da ere, lanbide honetan ez dudala "irakaslerik" eduki, nahiz eta pertsona batzuk hein handi batean lagundu didaten. Gauza asko amak erakutsi zizkidan. Horrez gain, nire aitarekin sagardoaren munduan lanean jardun zutenek ere asko lagundu didate.
Nolako sagardoa duzue aurten?
Aurten oso sagardo ona atera zaigu. Sagardoaren gehiengoa etxeko sagarrekin egin dugu, eta zati txiki bat inguruko baserrietatik.
Sagardoa orekatua da, lehorra eta gorputz askorekin; hori bai, alkohol gutxigoko produktua da sagarrak azukre gutxiago eduki duelako.
Sagardotegi denboraldia nola aurreikusten duzu?
Aurreko urteko denboraldia bezain ondo joaten bada oso pozik egongo naiz. Eta jende gehiago gerturatzen bada askoz hobe. Aurreikuspen onak ditugu.
Mizpiradik noiz isten ditu sagardotegi denboraldiko ateak?
Urtarrila erdialdean irekitzen dugu denboraldia, aurten esaterako, urtarrilaren 17an ireki genituen ateak; eta ekainaren amaieran isten dugu denboraldia.
Jendaurrean urtarriletik ekainera egiten dugun arren, lana urte osoan zehar egiten dugu; guztia garbitzen, egurra mozten, kimatze eta mantenu lanetan... Mendian bizi gara.