Elkarretaratzen zehar irakurri dituzten agirien eskutik, besteak beste, emakume pentsiodunen egoera larria aztertu dute. Adierazi dutenez, “ezberdintasuna emakumeon aurkako indarkeria” da.
“Hego Euskal Herriko eta Estatuko pentsiodunen erdiak baino gehiagok 1.000 euro baino gutxiago kobratzen dute. %0,9ko igoerak ez dio amaiera ematen pertsona horiek bizi duten prekarietateari.
Diru-Sarrerak Bermatzeko Errenta jasotzen duten pertsonen %25 pentsiodunak dira. 13.421 pertsona, gehienak emakume alargunak. Pertsona horiek ez dute igoera barregarri hori ikusiko, DSBEren osagarriak bere horretan xurgatzen duelako. Honela, Eusko Jaurlaritzak igoerari dagokion dirua aurreztuko du, pentsioak hemen eta orain osatzeko eskaerak bete beharko lituzkeen arren, hilean 1.080 eurotaraino.
Premiazko da 2011 eta 2013ko Pentsio-Erreformak indargabetzea. 1080 euroko Gutxieneko Pentsioa ezinbestekoa da bizitza duinak bermatzeko. Pentsioetan dagoen genero-arrakalarekin amaitu behar da. Euskal Herrian, emakume jubilatuek gizonek baino %40 pentsio gutxiago kobratzen dute, emakume alargunen egoera bereziki larria izanik, %50 gutxiago ere kobratzen dutelako. Baita, ere 395 euroko kotizazio-gabekoak daude, gehienak emakumeak.
Ezerk ez du adierazten mendeetan zehar emakumeok arrastaka daramatzagun arazo handiak konpontzeko legeak egingo direnik, are gutxiago Patriarkatuaren sistema honekin, aurrerapen tekniko guztiekin emakumeak manipulatu, merkantilizatu eta ikusezin bihurtu nahi gaituelako, lortu dugun protagonismoa akabatzeko”.
Elkarretaratzearen amaieran, ostegunerako deituta dagoen grebarekin bat egingo dutela adierazi dute, “inguruan ikusten ditugun ezberdintasuna eta tristura ez ditugulako gustuko. Euskal oasi honetan badagoelako nahikoa arrazoi eta greba langile-klasearen eskubidea eta indarra delako eta izango delako beti”.