Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartak urtarrilaren 30ean deitutako Greba Orokorrak parte hartze handia eduki du Euskal Herrian, eta ez da gutxiagorako izan Andoainen.
Goizeko 5:30etan kotxe Karabana irten zen Zumea plazatik, eta Andoain inguruko zenbait enpresetara joan ziren; esaterako, Super Amara, Ganboa eta Plastigaur beste askoren artean. Goizeko 9:00etarako Kalebuelta egiteko deialdia zegoen Goikoplazatik Zumeara. Piketeak irekita zeuden zenbait komertziotan geldialdia egin zuten, hauei Greba Orokorreko informazioa partekatu eta grebarekin bat egiteko konbentzitzen. Memento batzuetan tentsio uneak ere izan ziren, zenbait herritar, langile eta Udaltzaingoarekin. Ondoren, 11:00etan Donostiako manifestaziora joateko elkarretaratzea egin zen Makaldegin.
Esanak esan, arratsaldean lan, pentsio eta bizitza duinaren aldeko manifestazioa egin zen Goikoplazatik Zumeara; herritar ugari gerturatu ziren baldintza duinak eskatzera. Amaieran LAB eta Duintasunako ordezkariek adierazpen bana egin zuten, eta manifestazioa txalo artean amaitu zen.