Udal aurrekontua onartu da Udal batzarraldian

PSE-EE eta EAJ-PNV alderdiek osatzen duten Gobernu taldeak Udal aurrekontu proposamenari bidea eman dio, aldeko 9 botorekin. EH Bilduren 7 ordezkariek abstentzioaren alde egin dute, eta Elkarrekin Podemoseko ordezkaria aurka agertu da. 23,6 milioi eurokoa izango da 2020ko urteari dagokion aurrekontua.

Maider Lainez alkateak eta Marijose Izagirre alkate-ordeak irizpide nagusiak eta neurri eta partida zehatzak xehetu dituzte, Udal aurrekontu proposamenaren aurkezpenean. Ia bi orduz luzatu da Udal aurrekontu proposamena eztabaidatzeko plenoa, eta botoari dagokionez adostasun zabala izan da. Bozketa iritsi denean boto bakarra agertu baita aurka, Elkarrekin Podemosekoa. Aurrekontuarekin batera memoria bat aurkeztu ez izana izan da aurka agertzeko argusio nagusia.

EH Bilduk abstentzioaren alde egin du, aurrekontuak aurreko urteetako bidetik doazela argudiatuta. Inbertsiorako zerrenda zehatza aurkeztu dute, Udalaren egoera ekonomiko ona dela argudiatuta. Aurrekontuen eztabaidan Andoni Alvarezek aurtengo posizioa defendatu du. Eta erreplikaren saioan Jon Zuluetak jeltzaleen eta sozialisten joko bikoitza salatu du. Oposizioan bi alderdi horiek izan zuten jokabidea ez dutela bere egingo iragarri du, ez direla "oposiziokerian" murgilduko adieraziz.

Jeltzaleek eta sozialistek, aurrekontu propoamena defendatzeaz gain, poza agertu dute Udal aurrekontu proposamena aurrera atera delako. Eta datozen egunetan hasita, aurrekontua garatzen hasteko konpromisoa hartu dute. Urrutira joan gabe, Gobernu planean eta udal aurrekontuan jasotako akordioak azaltzeko parte hartze prozesua zabalduko dutela iragarri dute.

 

Plenoaren bideo osoa ikusgai:

 

Erlazionatuak

Gobernu taldea Udal aurrekontuaz

Andoain

Plenoa amaituta, PSEk eta EAJk balorazioa egin dute. 
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!