Andoain pianoaren hiriburu bihurtzen duen Jaialdia

Xabier Lasa 2020ko ots. 1a, 13:10

Deiadar elkarteko kideak eta udal ordezkariak aurkezpenean

15 ediziora iritsi da Andoaingo Piano Jaialdia, eta otsailaren 8 eta 9an ospatuko da aurtengoan. Euskal Herri osoko ehunka piano-jole gaztetxo erakarriko ditu jaialdia. Musikarekin lotutako emanaldi bereziak ere erantsi dituzte Deiadar elkarteko antolatzaileek.

Deiadar elkarteko eta Andoaingo Udaleko ordezkariek 15. Piano Jaialdia aurkeztu zuten atzo, Basteron. Txitxu Ruiz kultur zinegotziak Jaialdiaren ekimena posible egiten duten Deiadar elkarteko kideak, piano-jole gaztetxo eta euren familiarrak eta Basteroko langileak aipatu zituen lehenengo eta behin, “guztiei eskerrak, zuei esker Andoain piano doinuez eta kolorez beteko delako”.

Ruizek azpimarratu zuen 15 urtetik hona Andoain piano jole gazteen hitzordu eta pianoaren hiriburu bilakatu dela. “Musika kultura aisialdirako ez ezik gure bizitzako esparru garrantzitsua da gizakia garatu eta hezitzeko. Balore asko erakusten eta partekatzen dira musikaren bitartez. Horregatik, Andoaingo udalarentzat ohore bat da Jaialdia Andoainen ospatu eta jaialdiak gazteen heziketan duen garrantzian ekarpen txiki bat egitea”.

Deiadar elkarteko kide Ainhoa Aiertza eta Myriam Ulangak Jaialdiko xehetasunak azaldu zituzten.

5 eta 17 urte bitarteko 675 piano-jolek hartuko dute parte jaialdian, Euskal Herriko hainbat lekuetatik etorrita, Gipuzkoatik (560), Bizkaitik (71), Nafarroatik (40) eta Iparraldetik (2). Aparte, Tarragona eta Lituaniako piano-jole bana ere agertzekoak dira.  

Parte hartzaileek, estilo eta garai desberdinetako 772 obra desberdinen artetik aukeratuko dituzte interpretatzeko.

Aste bukaerako kontzertuak Basteroko auditorian eta ekitaldi aretoan egingo dira. 28 saioetan banatuko dira parte-hartzaileak, eta sei sari banaketetan jasoko dituzte dominak eta diplomak. Igandean, 18:30etatik aurrera amaiera kontzertuarekin amaituko da 15. Piano Jaialdia.

Berrikuntzen artean, aipatzekoa da parte hartzeko modalitate bat gehitu dela. Ohiko hiru modalitatez gain (bakarlaria, eta lau eta sei eskutara), bat erantsi dute: L. Van Beethovenen jaiotzaren 250. urteurrena gogoratu eta omentzeko, konposatzaile alemaniarraren Sari Berezia hain zuzen.

Epai-mahaia honako musikariek osatuko dute, piano irakasleak denak ere: Larraitz Burgaleta, Maruxa Llorente Virginia Mendia, Sandra Miranda, Arrate Monasterio, Monica Nuñez, Jose Ramon Rodriguez, Estitxu Sistiaga eta Amaia Zipitria.

 

Bestelako ekitaldiak

Otsailaren 8 eta 9ko asteburuko piano jaialdiaz gain, hiru emanaldi berezi eskainiko dira:

  • Otsailaren 6an, Txitxu Castro eta Myriam Ulanga irakasleen ikasle guztiak elkarrekin, entsegu orokor gisa, eta senitartekoak ikusle dituztela, kontzertua eskainiko dute. Basteroko ekitaldia aretoan, 19:30etan.
  • Otsailaren 7an, Atariko kontzertua. Francisco Escudero Kontserbatorio Profesionaleko Orkestra Sinfonikoak kontzertua eskainiko du. Basteroko Auditorioan, 19:15ean.
  • Otsailaren 8an, Basteroko Auditorioan, 2019ko “Euskadiko Musikarien Gazteen” lehiaketan piano modalitatean irabazi zuten pianojoleen emanaldia. Alaitz Artola eta Asier Pagazaurtundua piano-joleen eskutik.
Erlazionatuak

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!