Andoaingo Piano Jaialdia

"Kudeaketa lan handia dago jaialdiaren atzean"

Jon Ander Ubeda 2020ko ots. 6a, 07:36

Udalak eta Deiadar elkarteak hedabideen aurrean aurkeztu zuten aurtengo jaialdia. Ilusioz eta arduraz beterik agertu ziren antolatzaileak, eta Udala antolatzaileek egindako lanarekin harro eta oso eskertuta. Lagun askoren lanari esker aterako da aurrera.

Myriam Ulanga antolatzaileetakoa da, Txitxu Castro eta Ainhoa Aiertzarekin batera jaialdiaren pisurik handiena hartzen duena. Ardura handia izanagatik ere ilusioari eusten diotela nabari zen, agerraldian erakutsi zuen bezala: “Hasteko eta behin andoaingo Udalari eta laguntzaileei eskerrak eman nahi dizkiet. Piano jaialdia oso egitasmo indartsua da, eta honen atzean ilusio handia dago. Egitarau guztiaren liburuxka irakurtzea azkar batean egiten da, baina honen baitan lan asko dago. Kudeaketa lan handia dago”.

"Piano jaialdia oso egitasmo indartsua da, eta honen atzean ilusio handia dago. Egitarau guztiaren liburuxka irakurtzea azkar batean egiten da, baina honen baitan lan asko dago. Kudeaketa lan handia dago"

Ludwig Van Beethovenen jaiotzaren 250. urteurrena ospatzen da aurten, eta jaialdiak aipamen berezia egin dio. Hasteko eta behin, bere piezak interpretatuz lehiaketa antolatu du. 14 piano jotzailek parte hartuko dute, 13 saio ezberdinetan. Izan ere, piezatako bat 4 eskutara joko da. Ulangak haren ondarearen lagin modukoa eskainiko dutela iragarri zuen: “Beethovenek 32 sonata konposatu zituen, eta lehiaketan aukeraketa bat entzungo dugu”.

Udalaren eskertza

Prentsaurrekoan Maider Lainez alkatea izan zen, eta harekin batera Kultura batzordeko zinegotzi arduradun den Txitxu Ruiz zinegotzia. Ruizek hitz egin zuen Udalaren izenean, bereziki eskertza adierazteko: “Udalaren izenean eskerrak eman nahi dizkiogu Deiadar elkarteari, jaialdia antolatzeak suposatzen duen lan eskergagatik. Eskerrak musikari gazteei eta familiei ere, Andoainera gerturatu eta Andoain eta Bastero piano doinuz eta kolorez betetzeagatik. Eskerrak ere, langile eta laguntzaileei guztiei. Harro esan genezake duela 15 urtetik hona Andoain pianoaren hiriburu bilakatu dela. Balore asko partekatzen dira musikaren bitartez, eta Udalarentzat ohore bat da”.

 

 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!