Andoaingo Piano Jaialdia 15. ediziora iritsi da, eta dagoeneko ezinbesteko hitzordu bilakatu da Euskal Herriko musika eskola gehienentzat. Banaka, binaka eta hirunaka epaimahaiaren aurretik 675 musikari igaroko dira. Euskal Herri osotik etorritakoak, gainera. Oso datu handia da hori, behar bezala baloratu behar dena. Hilabeteotan musikari gazteek Andoaingo jaialdia jomugan izango dute. Ilusio eta amets asko jarri dituzte jaialdiaren baitan.
Andoaindarren aldetik, antolatzaile taldea eta Udala bereziki, harrera ona eskaintzea da xede nagusia. Aurreko urteetan lortu dute, eta aurtengoan antolaketa bikainarekin errepikatzeko moduan daudela esan daiteke. Jaialdiak irauten duen bitartean laguntzaile eta bolondres ugari ariko dira lanean. Horien guztien parte hartzea ezinbestekoa izango da.
Andoaindarrentzat jaialdia ostegun honetan hasiko da, ikasle gazteek herrikideen aurrean entsegu orokorra egingo baitute.
Jaialdiaz gain, hiru emanaldi berezi
Otsailak 6, osteguna. 19:30. Basteroko Ekitaldi Aretoa
Txitxu Castro eta Myriam Ulanga irakasleen entsegu orokorra, herritarren aurrean. Sarrera doakoa, gonbidapenarekin.
Otsailak 7, ostirala. 19:15. Basteroko Auditorioa
Francisco Escudero Kontserbatorioko Orkestra Sinfonikoak kontzertua eskainiko du. Sarrera doakoa, gonbidapenarekin.
Otsailak 8, larunbata. 19:30. Basteroko Auditorioa
2019ko “Euskadiko Musikarien Gazteen” lehiaketan irabazle izan diren Alaitz Artola Ormazabal eta Asier Pagazaurtundua Perezen kontzertua. Sarrera doakoa, gonbidapenarekin.