Nola ligatu, generoaren garaian

Xabier Lasa 2020ko ots. 9a, 10:00

Ligatzea inoiz erraza izan ez bada, egun, zeharo korapilatu egin dela aitortu zuen Maite Higuero sexologoak joan zen azaroan “Ligatzea generoaren garaian” izenburupean Andoaingo Gaztetxean eskaini zuen hitzaldian.

 

Desioak adieraztearen eta sedukzioaren arloan rolak –emakumeetan zein gizonetan– aldatzen ari direla eta, zenbait kontzeptu, ideia edota pauta azaldu zituen Higuerok. Aldaketa horiek batez ere gazterian nabaritzen ari direnez, haiei zuzendu zien, nagusiki, hitzaldia. Ohartarazi zuenez, sexualitatearen arloan ezagupideak eta proposamenak luzatzeko asmoarekin agertu zen Gaztetxera.

“Nahiko noraezean gabiltza gizonak zein emakumeak” ohartarazi zuen Higuerok. “Estereotipoen eskutik inposatzea emakumeak eta gizonak nolakoak behar dugun izan, hori betidaniko kontua izan da. Gauza da, egun, arau horiei berriak erantsi zaizkiela, modernoak. Genero berdintasunarekin zerikusia daukatenak”.

Gizonen kasuan, “ez da ahaztu behar sedukzioaren arloan trebezia eskasia erakutsi izan dutela betitik, zarpailkeriatan eroriz maiz. Eta orain, gabezia horri erantsi zaio 'kriminalizatzen' ari dela bere desioaren adierazpena. Horrela, gizonak ez daki zer esan, nola jokatu... Honako pentsamendua, edo antzekoa, datorkio maiz burura: 'Emakume bati lerden dagoela edo atzealde polita daukala esaten badiot, igual matxista deituko dit'”.

Emakumeak ere bizi du bere nahasketa partikularra, eta hori mezu kontrajarria jasotzetik datorkio, Higueroren iritziz. “Gizartean eredu zaharrak apurtzearekin diskurtso alternatiboak entzuten ari gara azken aldian. Intelektualki kontziente gara eskubidea daukagula desiatzaileak izateko eta desioa esplizituki adierazteko. Baina gero hori dena kosta egiten zaigu praktikara eramatea, hala jokatuz gero epaituak (zantarra, lizuna, emagaldua...) izango garela iruditzen baitzaigu”.

Gauzak horrela, Maite Higuerok uste du gizonak zein emakumeak desioa erreprimitzen ari garela; “eta hain zuzen, desioa zerbait bada, transgresorea da”.

Ulertu beharreko zenbait kontzeptu

Higuerok hitzaldian zehar zenbait kontzeptu jakingarri azaldu zuen, sexualitatearen ikuspegitik. Hasteko, auzitan jarri zuen kasik dogma bihurtuta dagoen uste jakin bat: “iruditzen zaigu hezkuntzari eta kulturari lotutako faktoreak direla sexualitatean eta desioan eragiten duten bakarrak. Hori onartu arren, azpimarratuko nuke izan, badaudela beste zenbait elementu eraginkor”.

Sexualitatea zer den zehaztu nahi izan zuen. “Norbanakoaren ezagutza pertsonalerako iturri egokia da. Erantzun ugari ematen baitigu hainbat galderari: nor garen, zer dugun gogoko eta zer ez... Zenbat pertsona hainbat sexualitate bizi dira, eta beraz, nork bere modua dauka gozamena lortzeko. Gizakiok daukagun ahalmen bat da, eta beraz, beti daramagu geurekin. Hori bai, non zauden kontuan hartuta, modu batera edo bestera kudeatuko duzu”.

Desiratuak eta desiratzaileak

Higueroren iritziz, egun ezin da esan emakumeak soilik seduzituak eta desiratuak direnik; gizonak soilik seduktoreak eta desiratzaileak ez diren hein berean. “Aldatzen ari dira desioaren rolak eta limurtzearen jolasak. Eta emakumeak dira aldaketa horren sustatzaileak, arrazoi ugarirengatik: gizarte aldaketen eta ideien sortzaile gisa mugimendu feministaren bulkada, norbanakoaren plazerarekiko kontzientzia, emakumeen sexualitatearen aitortza gizonen sexualitateekiko menpekotasunik gabekoa...”. Rolen aldakortasun hori iraultza eragiten ari da sedukzioaren eremuan, eta emakumeek zein gizonek –azken horiek batez ere– nahasketa edo bertigo egoera bizi dute. “Emakumeak soilik gizonaren desioaren objektu izateari utzi dio, eta bere desioaren subjektu eta protagonista izatera ere igaro da. Gizonak, bere aldetik, soilik subjektu desiratzailea izateari utzi dio eta desioaren objektu eta desiratua izatera ere igaro da. Azken batean, rolen aldakortasuna gertatzen ari da, eta batzuk zein besteek egoneza bizi dugu. Baina une interesgarri batean gaude, bidegurutzean, aurrera egiteko, mentalitate eta jarreren arloan iraganean bizitutakoa hobetzeko”.

Erreportajea osoriak, Aiurri hamaboskariaren 554 zenbakian.

 

 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!