Abiatu da Andoain Elkarlanean aurkezpen zikloa

Agintaldiaren ildo estrategikoak, 2020ko udal aurrekontua eta galde-erreguen tartea. Hiru atal nagusi horiek izan ditu Andoaingo Udalak abiatu duen “Andoain Elkarlanean” parte hartze prozesuko lehen bilerak.

“Andoain Elkarlanean” PSE-EE eta EAJ-PNV alderdiek osatzen duten gobernu taldearen egitasmo nagusia da, zeinean 8 ildo estrategiko eta 65 ekintza biltzen dituen.

Lehen atala, ildo estrategikoak

Maider Lainez alkateak Basteron egin duten lehen bileran 8 ildo estrategikoak aurkeztu ditu. Nabarmendu dituen egitasmoen artean hauexek: Gazteria plana aurrera eramatea, gizarte-babeseko zerbitzuen etengabeko hobekuntza, degradaturiko eremuen birsortzea eta hirigintza arloko garapenak sustatzea, eskualdeko garapen agentzIa aktibatzea, Leitzaranek Parke Natural izendapena eskuratzeko lan egitea, eraikin publikoetan energia berriztagarriak txertatzea, Udalerrian integrazioaren alde egitea, andoaindarren hizkuntza-eskubideak bermatzeko lan egitea eta andoaindarren artean bakean eta bizikidetzan aurrera egitea.

65 ekintza biltzen ditu “Andoain Elkarlanean” egitasmoak, baina horietan sakontzeak luze jo dezakeela eta 2020ko Udal aurrekontua aurkeztera jo dute.

Bigarren atala, udal aurrekontuaren aurkezpena

Atal honetan arlo bakoitzeko zinegotziak bere ardurapeko sailaren aurkezpena egin du. Ildo nagusiak:

  • Hirigintza (Verdasco, PSE-EE): Partida handienak azterlanetara bideratuko dira, eta horrez gain Rikardo Arregi eta Doktor Huitzi elkar lotzen diren puntuan biribilgune bat eraikiko da. Olagain-Lizarkola lotuko dituen pasealekuaren eraikuntza iragarri du, etxebizitza sozialen aldeko apustuarekin jarraituko dutela iragartzearekin batera.
  • Zerbitzuak, Enplegua (Izagirre, EAJ-PNV): Lorategien mantenimendurako apustu argia egin du, lizitazio partiden areagotzea iragarriz. Mimendiko aldapa hobetzeko egitasmoa aurkeztu dute, eta ur kontsumoaren kontagailu digitalen urte anitzeko inbertsioa iragarri du. Energia berriztagarrien aldeko defentsa eginez amaitu du Zerbitzuak ataleko azalpena.
    Enpleguan gazte enplegua sustatzeko eta iraupen luzeko langabezia saihesteko egitasmoak iragarri ditu. Merkatartitza berritzeko neurriak hartuko dituela iragarri du. Goikoplazan gune estali baten eraikuntza iragarri du. Ideien lehiaketa egingo dute, eta aukeren artean herritarrek iritzia emateko aukera izango dutela iragarri du. Leitzaranen, bestalde, turismo aktiboa sustatzeko asmoa agertu du.
    Kulturan udal liburutegiaren eraikuntza agintaldiko ildo nagusiena izango dela iragarri du. Kokapen egokiena erabakitzeko azterlana egingo dute, segidan eraikin berria martxan jartzen hasteko.
  • Berdintasuna (Romero, PSE-EE): Konpromiso ezberdinak azaldu ditu: Udal jarduera osora berdintasun politikak bideratzeko konpromisoa, jabekuntza eskolarekin jarraitzea edota indarkeria matxistaren prebentzioan sakontzen jarraitzea. Besteak beste, III. Berdintasun plana lantzeko egitasmoa iragarri du.
  • Kirola (Mendo, PSE-EE): Kiroldegiko zerbitzuak emateko plegua atera dute eta kiroldegia handitzea izango da erronka nagusia. Kirol elkarteekin harremanetan daudela adierazi du, eta horrez gain Aldundiaren laguntzaren premia nabarmendu du.
  • Euskara (Arregi, EAJ-PNV): Aurrekontu osoaren %2a Euskara atalari bideratzen zaio. Arregik, martxan dituzten askoren artean, hiru lan ildo aipatu zituen: Rikardo Arregi Kazetaritza Sarien ildo berriarekin jarraitzea, euskara ikasteko laguntzak ematen jarraitzea eta Garagorrienea egitasmoa sustatzea.
  • Gizarte Zerbitzuak (Lainez, PSE-EE): Etxez etxeko arreta zerbitzua, adinekoentzat zerbitzu gida eta eguneko arreta zerbitzua hobetzea izan dira alkateak nabarmendu dituen hiru ildo nagusiak.

Hirugarren atala, galde-erreguak

Belardiak gehiegi mozten direla eta erabiltzen den tresneriak soinu asko ateratzen duela adierazi du Algodonerako plazan bizi den herritar batek. 2006tik N1eko soinutik babesteko panelak ezarriko zirela entzun zuela, eta dagoeneko 2020an gaudela gogorarazi du. Verdascok erantzun dioenez, Aldundiak panelak Aita Larramendi ikastolako eremuan jarriko dituela adierazi du. Eta gainerako eremuak aurrerago jartzeko asmoa dutela adierazi du. Belardiak mozteko soinuari dagokionez, Izagirrek erantzun dio aparailuak berritzen ari direla, piskanaka.

Ainara Rodriguez zinegotzi ohiak euskararen erabilera areagotzeko eskaera egin du. Era berean, Romero zinegotziari egindako ahaleginagatik zorionak eman dizkio.

Azkenik, Ana Carrere alkate ohiak gizarte zerbitzuetako hainbat atal lehendik bideratutakoak direla gogorarazi du. Eta, era berean, txakurrak aske ibiltzeko eremuak sortzeko ekintza hori 2014an Udalean lantzen hasi zirela gogorarazi du.

Bost bilera berri datozen egunetan

Datozen egunetan beste bost bilera berri egingo dituzte, guztiak ere agenda atalean iragarrita daudenak. Aurkezpen ekitaldi guztietan antzeko egitura erabiliko dutela adierazi dute Udal iturriek. Gobernu taldearen ildo nagusiak eta aurrekontuak aurkeztu eta gero, herritarrei hitza emateko aukera eskainiko zaie.

 

Erlazionatuak

Andoain Elkarlanean bilera-sorta

Andoain

Rikardo Arregi, Bazkardo, Ama Kandida, Kale Txiki, Manuel Lekuona, Arantzibiako auzotarrak daude Rikardi Arregi kaleko Aita Larramendi ikastolan.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!