Herritarrekin bigarren bilera egin zen atzo

Xabier Lasa 2020ko ots. 13a, 11:35

 “Andoain elkarlanean” auzoz auzoko bilera sortaren bigarren txanda egin zen atzo Basteron. Ondarreta, Doktor Huizi, Joakin Larreta, Agustin Leitza eta Kale Nagusiako biztanleak zeuden deituta. Gaur hirugarren bilera antolatu dute, La Salle Berrozpe ikastetxean.

Bilera Ondarreta ikastetxean egitekoa zen, baina erabili beharreko gelako giltza falta zela eta, Basterora eraman zen bilera. Hori dela eta, ordu erdi beranduago hasi zen ekitaldia.

Udal gobernua osatzen duten PSE-EE eta EAJ-PNV alderdietako kideek udal ildo estrategikoak eta honek biltzen dituen 65 ekintzak azaldu zituzten bileraren hasieran. 2020ko udal aurrekontuaren atala ere jorratu zuten, lehenbiziko bileran egin bezala.

Ondoren, bilerara hurbildutakoen galde erreguen tartea heldu zen. Nahiz eta bilerara jende multzo handirik ez agertu, kexu eta proposamen ugari helarazi zizkieten udal ordezkariei. Hona zenbaitzuk, laburtuta:

  • Kontrol neurriak behar dira zabor bilketan, oraindik badagoelako jendea zaborra sailkatu gabe uzten duena.
  • Zebra bideen ondoan dauden edukiontzi batzuek ikusgarritasuna oztopatzen dute.
  • Etxeetan edukiontzietako bi txartel behar dira etxe bakoitzean.
  • Renfeko geltokiko tunela zikina egoten da, eta iluna da.
  • Herritarren segurtasunari begira, ataritan argia daukaten etxeetako jabeei eskatu beharko litzaieke gauetan piztuta eduki dezaten.
  • Agustin Leitza eta Kale Nagusiko zenbait zuhaitzek argitasuna kentzen diete bertako etxeei.
  • Doktor Huizi kale hasiera gehiago zaindu behar da (espaloia, autoen abaila, zenbait etxe atzealdetan ur zikinak…).
  • Zakurren udal arautegia ez da betetzen. Kale Nagusian batez ere, zakurrak libre ibiltzen dira muturrekorik gabe eta edozein hormetan txisa eginez. Aldi berean, Etxeberrietako pasealekuko edo erretore etxe ondoko zelaietan ezin da lasai egon, zakur kakengatik.
  • Kale Nagusian arazo gehiago: bizikleta eta patineteak gehiegizko abailan, arratoiak, dendetako hornitzaileen furgonetek sortzen dituztenak (oinezkoen mugikortasuna mugatzea, etxeetako balkoiak jotzeko arriskua…).   
  • Bizikletaren erabilpena sustatzeko kanpainak.

 

Gaur, ostegunarekin, La Salle Berrozpe ikastetxean egingo da hirugarrengo bilera, 18:30ean hasita. Idazkaritzatik sartu behar da; bilera lehen solairuan egingo da. Honako auzo eta kaleetako biztanleak daude deituta: Arrate, Nafarroa, Elizondo, Goiko Plaza, Galardi, Extremadura eta Plazaola.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!