Ondarreta ikastetxeko irakasle, ikasle eta gurasoek kalderero txikien konpartsa antolatuko dute, ostiral honetarako. Arratsaldeko 15:00etatik aurrera ikastetxeko jolastokitik abiatu eta, Kale Nagusia zeharkatu ostean, Zumearaino iritsiko dira. Berriro ikastetxerako itzulera egingo dute, eta han kanpaldia zabalduko dute; merienda goxoa ziurtatuta daukate guztiek ere. Ekitaldian zehar, zartagi jotzaileek Gora Kaletxiki txarangaren laguntza izango dute.
Kalejira larunbat arratsaldean
Larunbatean Kaldereroen herri konpartsa irtengo da. Ontza elkartean bildu ostean, Juan Bataiatzaile Zaharren Egoitzan ohiko geldialdia egingo dute. Ondoren, Goikoplazara igoko dira; udal ordezkaritzak bertan izango dituzte, harrera egiteko.
Zingaroen erreginek, Unai Ormaetxea eta Ion Beloki, udaletxeko balkoitik tradiziozko hitzaldia egingo dute. Ohi duten eran, gogoan hartuko dituzte Andoainen urtean zehar gertatu diren zenbait gertakizun; kritikarako eta ziria sartzeko tartea hartuko dute.
Kanpaldia desegin, eta bideari ekingo diote berriro; Kale Nagusia zeharkatuz Zumea plazara iritsiko dira. Geroxeago, parte-hartzaileek itzulerako bidea hartuko dute, eta Ontzan afari baten inguruan jaiarekin jarraituko dute. Afarirako izena ematea: 679043812 (Jexux).
Bi hitzordu asteburuan
Asteburuan Hungariako kaldereroak herrian barrena ibiliko dira.
- Otsailak 14, ostirala. 15:00, Ondarreta ikastetxearen eskutik.
- Otsailak 15, larunbata. 17:00, Ontza elkartearen eskutik.