Ostegun iluntzeko egitarauan Olagain txistularien parte hartzea iragartzen bada ere, talde gehiago arituko dira inauteriaren hasiera girotzen. Txistulariekin batera, Bastero plazan hasi eta Zumea plazaraino Alberto Agirre abesbatza, Udal musika eskolako abesbatzak eta Kantu kalejiran ibiliko dira. Ostiralean bi hitzordu nagusituko dira, Udal musika eskolako musikarien emanaldi berezia eta Anbrosia Olabiden antolatuko duten Beldurrarn etxea. Herritar askok indarrak hartuko dituzte ostiralean, larunbatekoa egun luzea izango baita. Goizean hasita mozorro festa nagusituko da herrigunean. Konpartsen desfileak amaiera polita izan ohi du Goikoplazan. Larunbatean, goizeko ordu txikiak arte, jaia nagusituko da. Eta igandean, nahi duenak, inauteriarekin jarraitzeko aukera izango du.
Igandean ere inauteria
Igandean inauteriari eutsiko diote, Andoainen. Iaz abiatutako herri bazkariari jarraipena emango diote. Eta arratsaldean Kolpez Blai energia, dantza eta mugimendua eskaintzen duen ikuskizuna eskainiko du Zozongo taldeak.
Argazki lehiaketa martxan
Argazkizaleei begira, Udalak lehiaketa martxan jarri du. Beraz, Andoaingo ospakizunen inguruko argazki onenak saria dakar. 250 eurokoa, hain zuzen.
Lanak paperean edo digitalean aurkez daitezke, koloretan edo txuribeltzean. Parte hartzaileek argazkia martxoaren 12a baino lehen aurkeztu behar dute, Basteron. Ordutegia: 10:30-13:00 / 16:30-19:30. Emailez aurkez daitezke: kultura@andoain.eus. Gehienez ere, 8 megako tamainakoa.