Ikerketa historikoak burutzeko diru laguntzak

Xabier Lasa 2020ko ots. 20a, 11:53
Maider Lainez alkatea eta Karmele Otaegi Udal Artxiboko burua, Estibaliz Gonzalez, Maria Senderos eta Iosu Etxezarraga ikerlariekin, iaz LeyƧaur 15 aldizkaria aurkeztu zutenean.

Andoaingo herriaren historiari buruzko azterketak bultzatzea helburu duen diru laguntzetarako deialdia zabaldu du Andoaingo Udalak.

Udalak zabaldu dituen oinarrietan zehaztu duenez, 2020. urtean batez ere egin eta Andoaingo komunitatearen gorabehera historikoak ezagutzeko edo bere iturri historikoak berreskuratzeko baliagarri diren ikerketa proiektu original eta argitaragabeko guztiek izango dute diru laguntza jasotzeko aukera. Bestalde, ezinbestekoa izango da edozein ikerketa-gaia jorratzean genero ikuspegia aintzakotzat hartzea.

Interesatuek honako agiriak aurkeztu beharko dituzte: ikerketa proiektuaren memoria-laburpena (gehienez lau orri) eta bertan proiektuaren oinarrizko jarraibideak, metodologia, azterketa-unitateak, iturriak eta lana aurkeztuko den hizkuntza; eta horiekin batera, titulu akademikoa eta alega ditzakeen gainerako ikerketa eta akademia-merezimenduen egiaztagiriak.

Diru laguntza 2.500 eurokoa izango da, eta memoria eta ikerketa lanak euskaraz burutzen dituztenei 500 euro erantsiko zaizkie.

Eskaerak Andoaingo Udal Artxiboan aurkeztu beharko dira 2020ko martxoaren 31ko eguerdiko ordu bata baino lehen.

Batzorde ebaluatzailea Historia jakintzagaiarekin lotutako izen handiko pertsonalitateek eta Udal Artxiboko pertsonal teknikoak osatuko dute.

Azken ikerketen jabetza Andoaingo Udalarena izango da, eta lanak edozein bitarte dela medio, banaka zein batera eta Euskal Autonomia Erkidegoko bi hizkuntza ofizialetako edozeinetan argitaratzeko ahalmena beretzat gordetzen du, beti ere lanen egiletasuna errespetatuz.

Xehetasun gehiago edukitzeko, Andoaingo udalaren web orrira jo daiteke, edo eta Udal Artxibora (Anbrosia Olabide eraikinaren atzealdean).

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!