"Andoain elkarlanean" kanpainaren azken bilera

Xabier Lasa 2020ko ots. 20a, 14:25

Udal ordezkariak Bazkardo, Rikardo Arregi, Manuel Lekuona, Kaletxiki eta Arantzibiako auzotarrekin bildu ziren atzo ilunabarrean, “Andoain elkarlanean” kanpainaren baitan. Aita Larramendi Ikastolak Rikardo Arregi kalean daukan egoitzan burutu zen bilera, eta hainbat gai izan zituzten hizpide aipatu bizi tokietako auzotarrek.

Udal gobernuko ordezkariek agimntaldi planearen auzkezpena egiten zieten bertaratutakoei, bileraren lehen zatian. Auzotarren galde-erreguen atala heldu zen ondoren, aurreko bileretan gauzatu den eskemari jarraituz.

Zenbaitetan, udal ordezkariek erantzunak eskaini zizkieten planteatutako gaiei, eta besteetan jaso egin zituzten etorkizunean aztertzeko promesa eginez batera. Hona bertaratutako herritarrek adierazi zituzten zenbait galdera, kexa eta proposamen, laburtuta:

  • - Renfeko estazioa: auzotar batek galdetu zuen ea egia ote den estazio berriak sarbide bakarra izango duela, Gudarien Etorbidetik. Jose Luis Verdasco Hirigintza eta Obretako zinegotziak baieztatu egin zuen Adifen asmoa, eta adierazi zuen Udala erakunde horrekin harremanetan jarri dela estazioak bigarren sarbidea ere izan dezan, Arantzibia kaletik.
  • - Rikardo Arregi kaleko auzotar batek ziurtatu zuen kale horretan, behealdean, droga trafikoa izaten dela egunero, eta udaltzainei zaintza eskatu zien.
  • - Mercadona: Illarramendi baserriko lursailetan proiektatuta dagoen saltoki handia dela eta, herritar batek adierazi zuen bertako dendarien aldeko aldarria egiten den arren, gero horien kalterako diren saltoki handiei erraztasunak ematen zaizkiela. Maider Lainez alkateak erantzun zion herritarrek erabaki beharko dutela non egin erosketak, eta Udala saiatuko dela saltokiak herriko dendetan eduki dezakeen eragin kaltegarria ahalik eta arinena izan dadin. Beste auzotar batek zionez, Udalak indar egin beharko luke saltoki berri horretako langileak herrikoak izan daitezen. Hirugarren batek adierazi zuen saltokiak eremu horretan lehendik jasaten den trafiko saturazioa areagotu egingo duela.
  • - N1eko trafikoa: panelak eskatu zituzten, jasan ezina delako egunero 33.000 auto hartzen dituen errepide horren zarata. Tunela egokia izan zitekeela erantsi zuten.
  • - Ama Kandida etorbidea: inguru guztia erabat utzita dagoela esan zuen batek baino gehiagok. Bide gorria zikina eta bere pibote asko erorita, zolua berdintzeko, argiteria eskasa, Moleda etxeko balkoietako landare-ontziak arriskutsuak oinezkoentzat, seinaleak erorita…
  • - Herritar batek adierazi zuen auzotarrek Udalari maiz eskatu izan diotela irtenbide egokia azpiko urak bideratzeko, 2011ko iraileko uholdeak berriro gertatu ez daitezen, baina ez zaiela kasurik egin inoiz. Aurreko legegintzaldian ugal gobernuko kide izan zen Jon Zuluetak erantzun zion hori ea dela egia, Uraren Euskal Agentziarekin lortu zutela konpromezua hurrengo urtetan erakunde horrek bidera zezan Ziako errekaren bideratze egokia.
  • - Bazkardoko haur parkea berrikuntzen premian dela esan zuen herritar batek. Lainez alkateak erantzun zion Udalak aurreikusita daukala Karrika eta Galardiko parkeak ez beste guztiak konpontzea, horien zoluak aldatzea batez ere.  
  • - Nafarroa Plazaren eta anbulatorioaren artean dagoen aparkalekuan brea bota eta berdintzea eskatu zuen herritar batek.
  • - Erroitz kalea. Manuel Lekuonako hainbat bizilagunek adierazi zuten Erroitz kalean zehar dagoen ehun metroko ibilbidea oso estua eta arriskutsua dela oinezkoentzat; irtenbidea, alde batean dagoen lur sailari (baratzak daude egun) zatia kentzea dela. Mari Jose Izagirre alkate ordea bat etorri zen irtenbide horrekin, baina lur sailaren jabearekin konponbidea topatzea zaila dagoela ere aitortu zuen.
  • - Arantzubi kale aldapatsua oso irristakorra jartzen dela euri egunetan ziurtatu zuen bertako biztanle batek, eta gainera, tunelaren sarreran beste aldera igarotzeko ez dagoela zebrabiderik.
  • - Arantzibia kalean dagoen lurpeko aparkalekuko erabiltzaile batek  esan zuenez, bertan ez dago ispilurik, eta ez dago erraza moldatzeko kalean doazen autoekin eta espaloitik doazen oinezkoekin. Beste herritar batek gehitu zuenez, antzeko arazoa gertatzen zaie Idiazabal kaleko auto erabiltzaileei. Kale horri erantsi behar zaio estua dela kontuan hartuta bi norabideko bidea dela kontuan hartuta; izan ere, alde batean autoak aparkatu egiten dira.
  • - Bazkardoko eta Idiazabal kaleko edukiontzien inguruan altzari handiak edozein egunetan uzten dira, ez arauek agintzen duten egunetan soilik. Lainez alkatea zein Izagirre alkate ordea bat etorri ziren baieztatzerakoan sentsibilizazio kanpainak egiten direla eta zaila izaten dela herritar batzuen zibismoan eragitea. Erantzun horren aurrean, bi herritarrek adierazi zuten isunen politika indartu egin beharko litzatekeela, eta bide horretatik, udaltzainek gehiago ahalegindu beharko luketela.
  • - Doktor Huizi kaleko haur parke berritua eztabaidarako gai bihurtu zuten bilerara bertaratutako zenbaitek. Batzuentzat kritikagarria da, polita izanagatik praktikoa ez delako, eta batez ere tiralinaren inguruan lokatza sortzen delako maiz. Beste bazuk, ordea, defendatu egin zuten, esanez Andoaingo gainerako parkeek eskaintzen ez dituzten jolas aukerak dauzkala, haurren garapenerako egokia dela eta Andoaindik kanpoko haurrak ere bertara etortzen direla jolastera.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!