Gorantz doa gida baimena euskaraz ateratzen dutenen kopurua

Xabier Lasa 2020ko ots. 21a, 12:03

Buruntzaldean gero eta herritar gehiago dira gida baimena euskara ateratzera animatzen direnak. 2019an, 124 herritarrek gainditu zuten atal teorikoa, eta zozketa egin zuten guzti horien artean atzo.  Buruntzaldeko udalerriek bultzatuta, bederatzi dira zozketaren egitasmoan parte hartzen duten autoeskolak eta beste hainbeste sarituak.

Hona zeintzuk izan diren sarituak, Andoainen eta Urnietan:

  • Andoain: Eider Sagarzazu Olaskoaga (Mendi autoeskola) eta Garazi Urkola Arsuaga (Mendi autoeskola).
  • Urnieta: Ane Loitegi Ugalde (Hernani autoeskola).

2019an zehar Buruntzaldeako 124 herritarrek eskuratu dute gida baimena euskaraz, 2018an baino 14 lagun gehiagok. Eta hamar urtean zehar 1.027 izan dira guztira Buruntzaldeko autoeskoletan euskaraz ikasi eta baimena eskuratu dutenak.

Atal teorikoan sarituek gastatu duten dirua berreskuratzeko aukera ematen du sariak, 400 euroko topearekin.

Egitasmoa urtez urte berritzen da, eta 2020ko maiatzean zehar, 18 urte betetzen dituzten herritarrei gutun bat bidaliko zaie udaletatik gidabaimena euskaraz ateratzeak dituen abantailen berri emanez eta hala egitera animatuz.

 

Sari ematea, udaletxean

Andoainen, bertakoei sari ematea atzo udaletxean egin zen. Eider Sagarzazuk ezin izan zuen agertu ekitaldira, eta Garazi Urkolak Mikel Arregi Euskara zinegotziaren eskutik jaso zuen saria.

Hona Garazi Urkolak Aiurri-ri egin zizkion adierazpenak:

“18 urte bezain pronto, abenduan, azterketa egin nuen. Lehenengoan zorte txarra eduki nuen eta berehala, bigarrengora jo behar izan nuen gainditzeko. Geroztik, praktikoa egiteko, zerrendan sartu naute itxaron beharko dudala esanez; martxoan agian aukera edukiko dudala.

Teorikoko lehenengo saiakeran, Mendi autoeskolatik hiru aurkeztu ginen euskaraz egiteko. Gurekin batera ikasten aritu ziren beste biei, ordea, iruditu zitzaien gaztelaniaz errazago gaindituko zutela. Donostiako nire lehen azterketan, ia 30 lagun izango ginen, eta guzti horietatik soilik hiru euskarazkoak ginen; bigarrengoan, berriz, bi! Argi dago jende gutxi animatzen dela euskaraz egitera.

Gaztelaniaz errazagoa denaren uste hori nahiko zabalduta dago euskaldun askoren artean oraindik ere. Badago bidea egiteko, mentalitate hori poliki-poliki aldatzen joan dadin; baliabideak hobetu litezke, esatera baterako. Gure inguruko autoeskoletako irakasleak prestatuta daude euskaraz aritzeko, baina galderen errepasoa egiteko behar den materiala, osatuago dago gaztelaniaz.  

Nolanahi ere, gure adineko gazteak euskaraz egitera animatuko nituzke, aurreiritziak-eta alde batera utzita”.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!