"Ustelkeria eta interes pribatuen aurrean, bizitzak erdigunean jarriko dituen ereduaren alde egiten jarraituko dugula garbi esan nahi dugu"

Aiurri 2020ko ots. 22a, 07:07

Zubietako erraustegiaren irekiera salatzeko martxa egin zuten Andoaingo herrigunean, Ernaik deituta. Datozen egunetako hitzorduetan parte hartzeko deia luzatu dute.

Martxaren amaieran adierapena irakurri zuten: "Dakizuenez, martxoan jarriko dute martxan Zubietako erraustegia. Beste behin ere, herritarron hitzaren aurkako proiektu hau salatzeko elkartzen gara. 

Gure bizitzak eta lurrak kutsatzen dituen erraustegi hau egungo sistema kapitalista heteropatriarkalaren ikono bat gehiago besterik ez da. Ustelkeria eta interes pribatuen aurrean, bizitzak erdigunean jarriko dituen ereduaren alde egiten jarraituko dugula garbi esan nahi dugu. Salatu nahi dugu herritarron hitza alboratu eta interes pribatuen alde egitea dela PNVk, PSErekin batera Gipuzkoa eta Euskal Herrirako nahi duen eredua Adibide garbia dugu azken asteotan Zaldibarko zabortegiaren kasuarekin gertatzen ari dena. 

Hori horrela, arrazoiak falta ez zaizkigulako, hurrengo asteko mobilizazioetan parte hartzeko deia luzatzen dizuegu:

  • Batetik, euskal gazteriari eta ikasleei dei egiten diegu otsailaren 27an ikasle paroak konbokatu eta 12:00etan Gipuzkoa plazako kontzentrazioan parte hartzera. Baita Lasarte-Orian egun berean 19:00tan Okenko plazatik abiatuko den manifestazioan ere.
  • Bestetik, larunbata 29an 17:00etan, Larreko mahaiak deitutako manifestazioa izango da Donostian Easo plazatik".
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!