Aurkezpenean azaldu dutenez, proiektu hau behar komun batetik abiatu zen. Alde batetik Wikimediak hutsune nabarmen bat du, irudiei dagokienez, argazkilaritza digitala agertzen hasi zenetik erabat orokortu zen bitarteko urteetan. “Garai hartako irudi asko analogikoak dira, baina ez dira artxibo historikoetan digitalizatzeko lana hartzeko bezain zaharrak ere”, azaldu du EWKEko Galder Gonzalezek.
Toki komunikabideetan, bestalde, aspalditik jabetu dira haien argazki artxiboak oso esanguratsuak izan daitezkeela ondare historikoaren ikuspegitik, baina baliabide urriek ez diete aukerarik uzten artxibo horiek digitalizatu eta txukuntzeko. TOKIKOMeko zuzendariak, Alaitz Artolazabalek, azaldu duenez, “badakigu balio historiko handiko eduki asko eta asko daudela toki komunikabideen artxiboetan. Eta ezinegon eta inpotentzia handia sortzen digu material hori alferrik galduta dugula jakiteak”.
Elkarren problematikak bat egiten zutela ikusita, EWKEk eta TOKIKOMek adostu zuten aukera bat ematea elkarri, egiaztatzeko komunikabideetan gordetako material hori benetan hain baliotsua den. Hala, EWKEk ‘wikilari egoiliar’ lanetan jarri zuen Aiurriko kide bat bertako artxiboa arakatu, digitalizatu, dokumentatu eta Wikimediara igotzeko.