Aurten izendatutako emakumeak aurkeztu ziren, Jone Larrañaga kazetariak Basteron gidatu zuen ekitaldian. “Emakumeen ahalduntzeaz mintzatzen diren historien jabe dira guztiak ere. Gaur eta hemen nabarmentzen baditugu ere, argi daukagu Andoaingo emakume guzti-guztiak ordezkatzen dituztela”, esan zuen Larrañagak.
Teresa Echavarri, Mila Garralda, Laura Martinez, Mari Karmen Txapartegi. Alba Rodriguez, Arantxa Garmendia, Lidia Egido, Mertxe Belamendia eta Josefa Pereira omenduek hitza hartu zuten ekitaldian, nork bere bizipenak kontatzeko. Hona segidan, izendatutako emakumeen ahotatik Basteron entzun ziren kontakizunak, laburtuta:
* Teresa Echavarri
Bizitzan zehar gaixotasunek bakean ez utzi arren, aurrera egiteko erakutsi duen adoreagatik izan da izendatua. Bizitzan zehar ezagutu duen minbizi sorta deskribatu zuen Echavarrik: “orain 27 urte minbizia detektatu zidaten, baina hura gainditzea lortu nuen nahiz eta taupagailu batekin bizitzea egokitu izan zaidan geroztik. Orain hamar urte, berriz, azaleko minbizia irten zitzaidan. Eta egun, bi gaixotasunei aurre egitea beste erremediorik ez zait geratu, bularreko eta biriketako minbizi banari”. Gaixo baten historial izugarri hori edonor lur jota uzteko modukoa izanagatik, baikortasunari heltzen diola aitortu zuen Teresa Echavarrik.
* Mila Garralda eta Laura Martinez
XX. mendeko 60ko hamarkadaren hasieran, herriko zenbait emakumeek (tartean ziren Garralda eta Martinez) emakumeen opor taldea antolatzea lortu zuten, herrian lehenengo aldiz. Eugenio Arregi apaiz ekintzaileak idatzitako gutun bat eskuetan zutela, Andoaingo hainbat lantegietan (Laborde, Magnesitas Navarra, Olamia, Krafft, Intex, Sapa, Moleda...) diru eske aritu ziren. Ekimen horri esker, emakume taldea Huescara joan zen. Martinezek aitortu zuenez, “orduan langile munduko ia inor ez zen oporretara joaten, eta gutxiago emakumeak; lana besterik ez zen egiten garai hartan. Lantegietako ordezkariek eta baita geure gurasoek harrituta hartu zuten gure ekimena, grazia egin zien. Baina guk aurrera egin genuen. Gogoratzen naiz zein gustura ibili ginen irteera hartan. Testuinguru historikoari erreparatuz gero ezohiko zeozer egin genuela irudituko zaigu gaur egun, bidea urratzen ibili ginela-edo; baina garai hartan naturaltasunez ibili ginen emakumeok elkarrekin”.
* Mari Karmen Txapartegi
Aizarna auzoan (Zestoa) jaio zen; familian hamabosgarren senidea izaki eta amarik gabe 13 urte zituela geratu zenez, 13 urterekin neskame gisa lanean hasi zen han hemen. 21 urte zituela Andoainera etorri zen bizitzera, Goiburu auzoko Juan Lopez de Munain gaztea ezagutu eta gero. Senarra eta biek San Esteban baserrian bertan erretegia irekitzea erabaki zuten; Mari Karmenek sukaldeko eginkizunak hartu zituen bere gain. Basteron aitortu zuen bezala, “urtetan ezkutuko lan horretan” aritu zen, harik eta jatetxea 2014ko urrian itxi zuten arte, 41 urteren ostean. Lau seme-alaben ama izateaz gain, etxeko aiton-amonaren eta izebaren zaintzaz arduratu zen urtetan. Txapartegik emozioz beterik gogoratu zituen urte haiek Basteron.
* Alba Rodriguez
Nikaraguarra izatez, orain hamar urte heldu zen Euskal Herrira, bizimodua atera beharrak bultzatuta. Adierazi zuenez, oso gogorra egiten zaie emigrazioaren kontua zaintza lanetan aritzeko honako bidea hartzen duten Hego Amerikako emakumeei, familia han utzi behar izaten dutelako batik bat. Rodriguez Andoainen bizitu da azken hiru urtetan, eta egun Nieves emakume helduaren zaintzailea da. Oso pozik bizi dela aitortu zuen, “pertsona onberak eta goxoak topatu ditut Euskal Herrian, eta ez dakizue zenbat eskertzen da hori leku arrotz batera iristen zarenean, ikasketa handirik gabe gainera!”. Nikaraguan hiru seme-alaba utzi zituen, baina azken aldian hirurak etorri zaizkio. Bi ahizpek ere bide berdina hartu dute. Gauzak horrela, nahiko luke itzuli egunen batean Nikaraguara, baina ez dauka oso argi noiz eta zein egoeratan.
* Arantxa Garmendia
Arrate pilotalekua 1977an eraiki zutenean, egunean zehar ordukako txandak eskaini ziren pilotan jokatzeko, herriko pilotazaleei begira. Gizonezkoek hartu zituzten ordu guztiak, eta behin, Arantxa Garmendia eta beste zenbait emakumek erabaki zuten eurek ere jokatu nahi zutela. Horrela, bi pilota talde osatu zituzten eta 90eko hamarkadaren erdi aldera jokatzen aritu ziren. Nolanahi ere, gizonena espazio publikoan tokia egin ahal izateko hastapenak nahiko gogorrak izan zirela aitortu zuen Arantxa Garmendiak. “Pilotalekuko zaintzailearengana jo genuen ordu eske, eta berak esan zigun denak beteta zeudela. Bakar-bakarrik librea zen ordu jakin batera bideratzen gintuen, haurrek jolas zezaten pilotalekuko arduradunek jarrita zeukaten ordu hartara. Jarrera hori ikusita, geuk ere gizonezkoen pare zozketan sartzeko eskubidea geneukala aldarrikatu genion; orduan hark erantzuten zigun gu zozketan sartuz gero gizonezko batzuk kanpoan geratuko zirela eta hori ez zela egokia...”. Denborarekin, zegokigun eskubidea lortu, lortu genuen”.
* Lidia Egido
Azelain ballet dantza eskolako arduraduna eta irakaslea izan da azken 20 urtetan. “Argi daukat balleta lagungarria dela gazteen hazkunde pertsonalean, harresiak hausten, sozializatzen.... eta ideia horiek zabaltzen saiatu naiz urte horietan Andoainen. Euskal Herrian dantzaren kultura handia dago, eta badago balletarekiko harrobia. Ikasturtero 50-60 ikasle izaten ditugu geure eskolan. Hala ere, oraindik ere desoreka handia dago neskatoen eta mutikoen artean. 20 urteko ibilbidean, hamabi bat mutiko igaroko ziren eskolatik, ez gehiago. Ikasleei beti adierazi izan diet balleten konpainiak emakumeek bezainbat osatzen dutela gizonezkoek, baina ez dago erreza gauza. Zazpi-zortzi urte bitarte gustura aritzen dira, baina lagun artean-eta hasten diren unean balleta baztertu egiten dute, gizartean oraindik funtzionatzen duten aurre iritziak direla medio. Asko dago egiteko oraindik feminizatuta dauden gizarteko zenbait espazio maskulinizatzen...”.
* Mertxe Belamendia
Andoaingo Udaleko Gizarte Zerbitzuetan atezaintzan aritzen da, Anbrosia Olabide egoitzan. Herriko jende ugarirekin tratua izatea egokitzen zaio egunean zehar, izan Gizarte Zerbitzuetakoak, izan Eguneko Egoitzakoak, izan jubilatuen elkartekoak... “Urteak pasa ahala, gero eta sentiberago sentitzen naiz; herritar asko gaixotasunaren bat edo bestelako arazoak dauzkatelako hurbiltzen dira, eta gertutasuna erakusten saiatzen naiz. Gogoko dut lan hori, eta uste dut nabaritzen zaidala, asko eskertzen didalako jendeak. Harrerako lanetan beharrezko ezaugarriak dira baikortasuna eta sentiberatasuna transmititzea. Egia da hasiera batean ez nintzela horren irekia, izan ere, bizitzak makilkadak eman izan dizkit maila pertsonalean. Latz pasa arren, lezioa ikastea lortu izan dut: alegia, lurrera behin eta berriro erori arren altxa beharra dagoela, ez zaizula beste alternatibarik geratzen bizitzen segi nahi baduzu”.
* Josefa Pereira
Josefa Pereira eta Valeria Viguera ere nabarmendu nahi izan dira aurtengo “Pausoz pauso” ekimeneko edizioan, orain bi urte pentsio duinen aldeko aldarria plazaratzeko asmoz Andoainen eratu zen asteleheneroko elkarretaratzea bultzatzeagatik.
Bi urteren ostean Goikoplazan aldarriari eusten diotela adierazi zuen Pereirak. “Astelehenero udaletxe aurrean biltzen jarraituko dugu pentsio duink lortu arte. izan ere Andoainen bada makina bat emakume eta gizonezko ez dena iristen hilabeteko gutxieneko gastuak sikiera ordaindu ahal izatera. Kalean egindako borrokari esker, 2018an, %1,7ko igoera lortu zen, eta baita ere emakume alargunentzat %52tik %60ra igotzea. Aurten, jadanik, %0,9ko igoera lortu da. Eta segiko dugu borrokan, emakume guztiek pentsio bat edukitzeko eskubidea eduki dezaten, baita zaintzan ari direnek ere. Deia luzatuko nieke herritar guztiei astelehenetan azal daitezen Goikoplazara. Guztion artean guztion bizimodua duintzeko, baita etorkizunean geure seme-alaba eta bilobena! Emakumeei egingo nieke bereziki gonbitea, asko kostatzen baitzaigu kalera ateratzea eta geuri dagokiguna aldarrikatzea”.