Giza erretratuetan inspiratutako artelanak, Basteron

Xabier Lasa 2020ko ots. 28a, 11:44

Giza erretratua gaitzat dituzten Ibai Maritxalarren sormen lanak erakusgai daude Basteron, “Ezlekuak” izenburupean. Bi egun geratzen dira erakusketa ikusteko: gaur, ostiralarekin, (18:00-20:00), eta bihar, larunbatarekin (10:30-13:30 / 18:00-20:30).

 

Egile errenteriarrak berak definitu du “Ezlekuak” izenburua: “Sormen ahalmena ahalbideratzen didaten espazioak dira ezlekuak. Hain zuzen, Mexikon topatu nuen espazio hori; bertan egonaldi luzeak egin izan ditut, eta izugarri erakartzen naute hango argiak, koloreek, paisajeek... Bertan egindakoak dira erakusgai jarri ditudan artelan gehienak”.  

Aurpegiak ditu jomugan Maritxalarrek. “Gizakiak dira protagonistak niretzat, pertsona anonimoen aurpegi-espresioak. Batzuk ezagunak eta hurbilekoak (nire bikotearen familiako kideak) dira, eta besteak Mexikoko iraultza garaikoak (argazki zaharretan ageri diren zenbait pertsonaje). Tartean, badira beste zenbait erretratu, hala nola, Roberto Bolaño Txileko idazlea, edo neu”.

Normalki giza erretratuak islatzen dituzten argazkietatik abiatzen da Maritxalar, sormen lanari ekiteko orduan. “Berdin zait erretratuko pertsona hori ezaguna den ala ez, ze lanean hasi ahala pintura bera bizitza hartzen doa, ez daukat helburutzat pertsona horrekiko antzekotasuna topatzea. Modu askean egiten dut lan, pinturaren indarra bilatu nahi izaten dut batik bat”.

Pinturarekin jolasteko joera dauka Maritxalarrek, eta hori gauzatzeko ezinbestekotzat dauka ikuslearen konplizitatea. “Figurazio baten barruan jardutea dut gogoko. Erretratu horietako bakoitza urrunetik ikusiz gero, aurpegi bat ikus dezake ikusleak, baina gero hurbildu ahala, nolabaiteko abstrakzioa bizi dezake. Hortaz, pinturak niretzat interesa dauka ikuslearengan bizipenak eta sentimenak eragiteko gauza den heinean”.

Maritxalarrek erakusketa Zumaiara eramateko asmoa dauka. Bertan, apirilaren 8tik 26 bitarte jarriko du ikusgai.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!