Honako oharra zabaldu du EH Bilduk:
‘Martxoak 8, Emakumeen enfoketik’ argazki erakusketa antolatu du Andoaingo EHBilduk
Martxoak 8a, Emakumeen Nazioarteko egunaren atarian gaude. Beste urte batez, emakumeen eskubideen alde irtengo gara kalera.
Gure aldarria argia da: gure gizarteak justizian eta demokrazian aurrera egin dezan, beharrezkoa da printzipio eta aldarrikapen feministak egitura eta politika instituzionaletan txertatzea. Beharrezkoa da jendartearen eraldaketa; beharrezkoa da emakume guztiak indarkeriarik gabeko jendarte batean bizi ahal izatea. Beharrezkoa da guztionak diren baliabideak erabiltzea gizon eta emakumeen arteko desberdintasunei aurre egin eta lan-errealitatearen, arrazaren, sexu-desiraren orientazioaren, administrazio-egoeraren, adinaren eta beste edozein arrazoiren arabera sistemak ezartzen dituen diskriminazio eta zapalkuntza ugariak bazterrean uztea.
Halaber, emakume eta gizonen berdintasun errealaren bidean, beharrezkoa da emakumeak lehen lerrora ekarri eta, bat gehiago moduan, jendartean aurrera egitea. Andoaingo EHBildu horretan lanean ari da, kalean eta instituzioetan, eta hala jarraituko du datozen urteetan ere.
Norabide horretan, aurten Martxoak 8ari begira herrian antolatu diren ekimenen osagarri, Andoaingo EHBilduk bere ekarpena egin nahi du. ‘Martxoak 8 emakumeen enfoketik’ izenburupean, argazki-erakusketa antolatu dugu Bilgunean; zehazki, herriko hainbat emakumeren argazki-lanak ikustaraziko ditugu bertan. Emakume bakoitzak bere ekarpena egin nahi izan du eta oso argazki ezberdinak ikusteko parada izango dugu baina aukera bikaina da enfoke hauetatik hausnartzeko eta emakume artisten lanak ezagutzera emateko. Horiek dira Ainara Audikana, Oihana Arrizabalaga, Maddi Trutxuelo, Itziar Gutierrez, Aiora Arregi, Ainarika, Ane Jalon, Elena Audikana eta Maider Arabaolaza. Erakusketa datorren ostegunean, martxoaren 5ean irekiko da, arratsaldeko 18:30etan. Martxoaren 5etik Martxoaren 8ra egongo da ikusgai.
Herritar guztiak animatu nahi ditugu Martxoaren 8aren inguruan antolatu diren ekimenetan parte hartzera eta erakusketa bisitatu eta 8 emakume hauen lanez disfrutatzera.