Andoaingo Udalak 2020ko inauteriaren eta honen garapenaren inguruko balantze oso baikorra egin du.
Kultura sailetik, Txitxu Ruiz zinegotziak “asteburuan izan den partaidetza altua” azpimarratu du. Ekitaldi guztiak osotasunean kontabilizatzea erreza ez den arren, larunbat arratsaldeko inauteri desfilean, agendako zitarik garrantzitsuenetarikoan, 600 andoaindarrek hartu dute parte, 22 konpartsa ezberdinetan banaturik.
Kultura sailetik “edizio berriei begira, programari dagokionean, hobekuntzak aztertzeko borondatea agertzen da, zehazki jaia zabaldu ahal izateko, desfilera eta larunbatera mugatu beharrean”. Ruizen ustez “konpartsa edo talde ezberdinek transmititu digute jai ekintzak igandera bitartean luzatzeko borondatea; dantza, mozorroak eta karrozak denbora gehiagoan luzatu ahal izateko”.
Baina tamalez, guztiak ez dira albiste positiboak, eta urte honetan gertakaririk larririk edo eraso sexistarik gertatu ez bada ere, Andoaingo Udalak errespeturik gabeko jarrerak salatzen ditu, jaiaren garapen egokian eta andoaindarren elkarbizitzan modu ezkorrean eragiten dutelarik.
Hain zuzen ere, "Udalerriak larunbat eta igande goizean zuen itxura tristea" salatu du Zerbitzu sailak. Mari Jose Izagirre zinegotziak azaldu duenez, ostiraletik larunbaterako gauean pintada eta grafiti ugari agertu ziren herriko hainbat tokitan: eraikin publiko eta pribatuetako hormak, pertsianak, markesinak, edukiontziak…
Bestalde, Udalak, hain zuzen ere, hondakinen kudeaketa eta kale garbiketa indartu ditu. Goikoplazan behin-behineko edukiontziak jarri ziren hondakinen kudeaketa modu eraginkorragoan burutu ahal izateko. Bada, pertsona batzuen jokabidea ez da zuzena izan. Izagirreren arabera: "Bereziki larunbat gauean, hainbat plaza eta parketan zabor ugari bota da modu arduragabean, kasu horietako batzuetan botiloia praktikatzeagatik". Udalak horrelako jarrerak salatzen ditu.
Adibide gisa, zerbitzu brigadak ahaleginak areagotu behar izan ditu udalerriko hainbat tokitan garbiketa eta normaltasuna berrezartzeko. Oraingoz, hasierako aurreikuspenarekiko 1.500 euroko igoera ekarri du, "gainkostu erantsia, pertsona batzuen gizalegerik ezagatik, erabat saihestu zitekeena", Izagirreren arabera.