Bertso saioa hasi aurretik, Hurria-Sahara elkarte antolatzailearen izenean, Ana Carrerek Saharako herriak bizi duen egoera labur deskribatu ostean, Marokok ez ezik nazioarteko komunitateak ere ezartzen dion bazterkeria historikoa salatu zuen. Ondoren, eskerrak eman zizkien sei bertsolariei eta gai jartzaileari musutruk etorri zirelako Andoainera, urtero legez.
Sei bertsolariek makina bat gai eta egoera bizitu behar izan zituzten: lehen munduko jendeak egunerokotasunean dauzkan kezkak; egunero eta inauterietan mozorrotzearen kontrastea; Sabino Aranak asmatutako hiztegia; koronabirusa sei urteko haurren ikuspuntutik; eskola publikoko irakaslea eta ikasturtearen erdian ikastetxera heldu den haur saharaurriaren aurrean; musika zaharraren eta egungoaren zaleen arteko eztabaida; gurasoen arteko sesioa, ezin adostu haur jaio berriari zein izen jarri... Basteroko aretoa ia betetzea lortu zuen publikoak gozatu ederra hartu zuen ordu eta erdiko bertso saio emankorrari esker. Hona zenbait bertso ale:
* Sei bertsolariak.
Gaia: Ondo dakigu mundu hau desorekatuta dagoela. Gutxik hainbeste, eta askok horren gutxi. Eta gu hor gaude, lehen mailako mundua deitzen dioten horretan, eta lehen munduko arazoekin: wifia ez dabilela, beroki aerosi berria modaz pasatu dela, oporretara nora joan ez dakigula. Kontaiguzue, zuek, ze lehen munduko arazoari egin behar izan diozuen aurre orain gutxi.
Unai Muñoa:
Ondo geratzen zaizkidan galtzak
gutxitan daude dendetan.
Xerra txikiena jartzen didate
jatetxerik gehienetan.
Eta sufritzen bizi naiz ere
wifia ez dagoenetan.
Baina lan gehien izaten ditut
bikote harremanetan.
Nerea Ibartzabal:
Bakarrik dutxa hartutakoan
ibiltzen gara ortozik.
Eta lanera joateko baino
ez gara esnatzen goizik.
Ta domeketan ze burukomin
beti erdi ondoezik,
eta ez gara gaixo egoten
resaka delako baizik.
Nerea Elustondo:
Mixkin samarra sortu nintzen ni
nahiz ta ez den nere kulpan,
ta etorri naiz semaforotan
denbora pila kantutan.
Hala ta guzti gure kalderak
zeozer raroa baduta
Pentsa, gaur hona etorria naiz
ur hotzakin dutxatuta.
Agin Laburu:
Alde batetik arropa eta
aukeratzeko pereza.
Gaur goizean ze pintxo jan nahi nun
barra zegon aldebresa.
Nerean gisa gaur Andoaina
nere estres, nere presa.
Bemeubia nun aparkatu
ere ez dago errexa!
Oihana Iguaran:
Ai aurreratu egin zaigunez
udaberriaren ditxa,
alerjiagatik muki artean
tragatua daukat hitza.
Tabernan gero ze infusio
ezin hautatu gabiltza.
Ta okerrena pentsatzen degu
ze injustua dan bizitza.
Aitor Mendiluze:
Drama existentzial denen ardura,
tabernak hartu du ia.
Ni ere joan naiz ta ebakitxo bat,
motza, esne isuria.
Ta gero kezka inposible bat,
hain jarri naiz urduria:
ze erabaki, azukre beltza
edo azukre txuria.
* Unai Muñoa eta Nerea Elustondo.
Gaia: Zenbaitetan uste dugu aktualitateko gaiak soilik helduen ahotan ibiltzen direla; baina ez da horrela. Haurrek etxean entzuten dutenaz izugarri hitzegiten dute. Baina politena ez da hori, politena da gai horiekin euren fantasiarekin nahastu, eta egundoko pelikulak muntatzen dituztela. Zuek biok, sei urteko bi haur zarete. Etxean coronavirusa besterik ez duzue entzuten, eta gaur jolaslekuan bildu zarate, eta hor zabiltzate hizketan nondik datorren, zergatik datorren, zer egiten duen...
Unai Muñoa:
Hor koronabirusa
batetik bestera
telebistan badabil
ta bortitz gainera.
Nik ama ikusten dut
kezkatu antzera,
noizko ez dakite baino
denok hilko gera (bis)
Nerea Elustondo:
Ni ere beldurtuta
naukazu benetan
osasunakin gabiltz
ta erdi zorretan.
Bai gu hil gaitezke
igual bihar bertan,
birusa saltzen omen
dute txinoetan (bis).
Unai Muñoa:
Txinoetan saldua
ez da egokia,
baina birusak bela
hartzen du tokia.
Etzait inporta hiltzea
ez da atzikia,
nik jada egin baitut
nahi nuen guztia.
Nerea Elustondo:
Orduan zure hori
a ze karanbola
premio gutxigokoa da
nere tonbola,
nahiz beste herrietan
egin duten hola,
zeatik ez dute itxi
ba gure eskola (bis)
Unai Muñoa:
Eskola irekita
zergatik daukate,
guretzat beti pronto
zigor ta kate.
Maestra aritzen da
oihuka jotake,
ta torturatuko gaitu
azken eguna arte (bis)
Nerea Elustondo:
Eskolan ze giro den
ezin leike jakin,
nahiz ta aldaketari
maiz gogotsu ekin.
Nahiko problema degu
gure maestrarekin,
mehatxatuko dugu
esku zikinekin (bis)
Unai Muñoa:
Gu ja haundiak gara,
ditugu sei urte
ta gure gurasoek
adina bertute.
Bueno, dena ez dut egin
nahiz hori nun uste
ta zure muxutxo bat
probatuko nuke (bis)
Nerea Elustondo:
Biok patio hontan
esperantzaren zai
ta eskaera egin
berritik da, zuk, bai.
Gogoarekin geratu
behar dezu Unai,
ez baitizut birusa
zuri kutsutu nahi (bis)
Aitor Mendiluze.
Gaia: Tolosako bati behin zera entzun nion: izatez inauterietan garela benetan pertsonak garen bezalakoak, eta mozorrotu, berriz, beste urte guztian zehar egiten garela. Zure ustez, zenbaiteraino da egia hori.
Aitor Mendiluze:
Ze pentsamendu arraro
nastu egin nau zeharo
Dena buruan igaro,
ta puntu honetan nago.
Garena baino ezgaren hura
ez ote degun nahiago,
beti hamalau intxaur baitaute
geure etxetik harago.
Eta izan nahi genukenetik
zenbat eta urrunago
nahi duen hartaz orduan eta
mozorrotuago dago (bis).
Inauteri zaleenak
gera orduan beste denak,
mozorrotzen ez garenak
mozorrotuta gaudenak.
Aztertu egin behar lituzke
bakoitzak bere barrenak,
bere alde on bere alde txar
argi eta ilunenak.
Alper-alperrik izango ditu
kanpoko mozorro denak
benetan nora iris liteken
ondo onartzen duenak (bis)
Hamaika konpleju bitxi
geure baitara iritsi
ai besteek zer iritzi
guk begiak nola itxi.
Beti pentsatzen ta kalkulatzen
ze irudi erakutsi
Hainbeste izan nahi genukenak
zergatik gera hain gutxi.
Nik aholku bat daukat denontzat:
burua ez hainbeste hautsi,
zeraten gisa azaldu baina
pixka bat gordean utzi (bis)
* Sei bertsolariak: Nerea Ibartzabal, Agin Laburu, Unai Muñoa, Nerea Elustondo, Oihana Iguaran eta Aitor Mendiluze.
Gaia. Nerea Ibartzabal aingerua (ongia) izango da eta Agin Laburu deabrua (gaizkia). Biak beste lauen kontzientzia izango dira, eta beste beraiengana erakartzen saituko dira.
* Oihana Iguaran eta Aitor Mendiluze.
Gaia: Zuek biok aktoreak zarete. Antzezlan sakonak egiten dituzue, pentsa arazten duten horietakoak. Urteak daramazue obra desberdinak eskaintzen, baina konpainia txikia izateagatik komunikabideek ez dizute kasurik egiten. Zuen azkeneko obrak aurrekoek baino fama handiagoa lortu du, eta telebistako programa ikusienetako batek gonbidatu egin zaituzte. Aitorri ondo iruditzen zaio obrari publizitatea egiteko, baina Oihanak, berriz, paso egiten du, komunikabideek lehendik egiten zieten kasu gutxia kontuan hartuta.
Aitor Mendiluze:
Hara entrebista bat
eta zuzenean,
gure azkeneko obra
honen izenean.
Baina zuk kateatu
nahi dezu lenean,
nonbait arantza hori
dezu barrenean.
Uzta jaso behar da
etortzen denean.
Oihana Iguaran:
Len ere uzta txikitik
jarri gera bapo,
ta bidea egin degu
fokutatik kanpo
Orain telebistara
egin degu salto,
denak dauzkagu deika
entrebistarako,
juxtu publizitaterik
behar ez dalako.
Aitor Mendiluze:
Bai, obra honek badu
horrenbeste gradu
ta kolpetik famatu
bihurtu gera gu.
Telebistak joateko
hotsegiten badu
zergatik ez hara joan,
jokatu ondadru.
Nahi deguna esateko
aukera daukagu.
Oihana Iguaran:
Len agenda txikitan
agertzen ginenak,
haunditara deitzean
ezezkoak denak.
Bideak eman ditu
aukera onenak
ez gera gu premitan
gehiago daudenak.
Beraiek dira gure
premia dutenak.
Aitor Mendiluze:
Eurek behar gaituzte bai
ez al da nabari?
Len etzioten kaso
egiten lanari.
Honek ospea dauka
ta dei bat opari,
horrexegatik gozen
ta hizketan ari
bidea prestatzeko
hurrengo obrari.
Ohiana Iguaran:
Bidea zabaltzeko
gure beste obrei
foko handi-handia bat
nahiko zenuke gehi.
Famatu geralako
egin digute dei,
nik erantzun nahi diet
hain justu horiei:
urtetan bozkorailu
bihurtu direnei.
Aitor Mendiluze:
Beraz, nahiz ta zabaldu
diguten atea
zuretzat kontraesan
bat al da joatea?
Zuk publiko txikia
Baitezu maitea.
Nik aprobetxu nahi
handien tartea.
Ta ez al da posible
denei ematea?
Oihana Iguaran:
Gurea da bide bat
txikian dagona,
ez alfonbra gorri ta
ez urrezko sona
Ez det maite jokutan
dabilen pertsona.
Enoa irribartsu
ta egin bi broma.
Bakartu baino enaiz
hain aktore ona.
* Sei bertsolariak: Nerea Ibartzabal, Agin Laburu, Unai Muñoa, Nerea Elustondo, Oihana Iguaran eta Aitor Mendiluze.
Gaia: Txapelketa jokatuko duzue, hirukoteka (Muñoa, Iguaran eta Ibartzabal batetik, eta Laburu, Mendiluze eta Elustondo bestetik), Sabino Aranak euskara garbia zela eta asmatu zituen hitzekin. Zenbait hitzen esanahia asmatu beharko duzue, pistak emanda.