2002 urtean, psikologiako praktikak egiten hasi zen Maider Gorostidi Agifes elkartean, buru gaixotasuna duten pertsonen eta haien senideen Gipuzkoako elkartean. Gerora, elkarteko hezitzaile bezala aritu zen lanean, 2014ra arte. Eta geroztik psikologo lanetan ari da, errehabilitazio zentroan, pisuetan, talde laguntza taldeetan nahiz arreta indibidualean.
Zein funtzio betetzen ditu Agifes elkarteak?
Buruko gaixotasuna duten pertsonei ez ezik, haien familiako kideei ere arreta eskaintzen diegu. Arretan, prebentzioan eta sentsibilizazioan egiten dugu lanik garrantzitsuena. Horiexek gure funtzio nagusiak.
Buruko gaixotasunen kasuek gora egin dutela diozu...
Gure elkarteak Gipuzkoa mailan egiten du lan, baina Bizkaia eta Arabako hiru elkarteen artean, bada federazioa eta, haien gainean, konfederazioa. Azken horiek egindako ikerketen arabera, depresio kasuak altuak zirela ikusi zen eta horren inguruan lan egin beharra zegoela. EAE mailako egoera aztertuta, hauexek dira datu orokorrak: emakumeen artean %17ak eta gizonen artean %9ak du depresioa.
Non dago tristura eta depresioaren arteko muga?
Bi gauza ezberdin dira tristura eta depresioa. Tristura denok eduki beharreko emozioa da, baina etorri eta joan egiten da, beste emozioak bezalaxe. Tristurak ez du pertsona egunerokotasunean baldintzatzen. Triste egon arren, lanarekin edo eguneroko ardurekin jarraitzeko moduan izaten da pertsona. Baina tristura hori, denboran zehar, –bi aste baino gehiago–, luzatzen denean, beste kontu batzuez ari gara. Denboran luzatzeaz gain, bakoitzaren bizitza mugatzen hasten denean. Tristura sentsazio hori hain handia denean, eguneroko bizitzan eragin egiten du eta baita pentsamenduetan ere. Pentsamendu ezkorrak hasten dira buruan bueltaka eta pentsamendua baldintzatuta egotean, norberaren jokaera ere baldintzatu egiten da. Horrek lan egitea, ikastea edota etxetik ateratzea galerazten du, baita norberaren burua zaintzea ere. Hortxe dago muga.
Muga horretara iritsita, nola jokatu? Nora jo?
Konfiantza gehien duzun pertsona horrengana joz, dudarik gabe, laguntza eskatzera. Medikuarengana edo gure elkartera, bi ate horiek zabalik egoten dira beti. Norbera gaizki sentitzen denean edo baita norbaitek laguntza behar duela sumatzen denean ere. Izan ere, gaixotasunak berak pertsonaren gaitasunak gutxitu egiten ditu, norberaren burua gutxietsiz eta, askotan, ondokoari laguntza eskatzeko gaitasuna ere murriztuz.
Gaixotasuna zenbat eta lehenago tratatzen hasi, errazago sendatzen da pertsona. Kasu bakoitza aztertuta, medikuak erabakitzen du botika jarri edo ez. Beti ez da botiken beharrik izaten.Tratamenduak osagarriak izaten dira; botikak kasu batzuetan, baina laguntza psikologikoa edota babes soziala beti... Depresio kasuetan ez da nahikoa ingurukoen laguntza, laguntza profesionala beharrezkoa da.
Zein adin-tartetan eragiten du, batik bat, depresioak?
Ez dago adin-tarte jakinik. Haurrek, gazteek, helduek nahiz hirugarren adineko pertsonek izan dezakete depresioa. Ez dago adin jakinik, ez egoera jakinik ere. Edozein maila sozial eta ekonomikoko pertsonek eduki dezakete, langabeek nahiz edozein lanbidetako pertsonek. Inor ez dago depresiotik libre. Mundu mailan, hamar pertsonatik batek depresio garai bat edukiko duela diote datuek.
Zeintzuk dira depresioa eragiten duten zergati nagusiak?
Pertsona batzuek egoera traumatikoen ondorioz izaten dute depresioa, baina beste batzuei ageriko arrazoirik gabe sortzen zaie. Normalean, arrazoi zehatzen baten eraginez baino, egoera askoren ondorioa izaten da depresioa.
Zergati nagusiak denetarikoak. Gazteen artean, esaterako, bullyngak, norberaren exijentziek, mugarik gabe bizitzen ohitu izanak, alkohol edota drogen kontsumoak, mugikor eta, besteak beste, sare sozialen erabilera desegokiak bultza dezakete...
Sare sozialen erabilerarekin, kasu askotan, pertsonak isolatuta geratzen ari dira, harremanetarako joerak gutxituz... Aurrez aurre gauzak esan beharrean, mezua bidaltzen zaio ondokoari. Baina hitzak esan beharrean letrak bidaliz, non geratzen dira atzean dauden emozioak?
Helduen artean, berriz, eragina izan dezakete lanik gabe geratzeak, bakardadeak, alargun geratzeak, bikote banaketak, familiako kideren baten gaixotasunak, norberari gaixotasunen bat diagnostikatzeak... Bizitzan zehar gertatzen diren aldaketetan, esaterako, jubilazioak, pertsona askori eragiten dio egoera depresiboetara jotzea.
Motiboak asko eta batere ez izan daitezke.
Depresioa, errespetua ematen duen gaia da batetik, baina oso erraz erabiltzen den hitza bestetik...
Egia esan, depresioari ez zaio gizartean behar duen garrantziarik ematen. Oso erraz erabiltzen den hitza da, baina ezjakintasunak eraman gaitu hitz hori hain erraz eta gaizki erabiltzera. 'Depre dago hori' entzuten da maiz eta benetan egoera horretan dagoen pertsonari kalte handia egiten zaio.
Depresioa daukan pertsonari, begibistan ez zaio, beste gaixotasun fisiko baten aurrean bezala, zantzurik nabari. Berak ezina nabari du eta, askotan, norberarentzat ere, ez da erraza zer gertatzen zaion ulertzea. Depresioa duten pertsonek barne-mina moduan definitzen dute. Barne-mina eta min horri ezin aurre egitea.
Eta egoera horri aurre egiteko jarri beharreko helburuak oso pertsonalak dira, kasu bakoitzaren araberakoak. Egunerokotasunarekin lotutako helburu txikiak jarri behar dira. Pertsonarentzat oso handiak izan daitezkeen helburu txikiak. Helburu txikiak bete ahala indartuz joaten da pertsona, helburu handiagoen bila, berriz ere barruko motorra martxan jarriz.
-----------------------------------------------------------------------------------------------------
Aiurri aldizkaria harpidedunek soilik jasotzen dute etxean. Harpidedun ez denak kioskoan eros dezake hamaboskaria eskualdeko ondoko saltokietan:
- Andoain: Ernaitza eta Stop liburu-dendak.
- Amasa-Villabona: Basajaun liburu-denda eta Amasa kafetegia.
Harpidedun egin nahi izanez gero, horretarako aukera zuzena eskaintzen du www.aiurri.eus webguneak, klik bakarrera. Gainerakoan, albiste honen bukaeran ere baduzue Aiurrikide egiteko aukera.