Erakusketaren irekiera aurkeztu zuen Esti Mujika EH Bilduko ordezkariak adierazi zuenez, “Andoaingo hainbat emakume artisten gune bilakatu dugu Bilgune hau, emakumeen eskubideak aldarrikatzen ditugulako. Ibilbide desberdinetako emakumeak dira, baina guztiak arteari lotuak. Emakumearen errealitatea irudikatzeko, argazkigintza baliatu dute oraingoan, bakoitzak bere enfoketik hausnarketarako gonbitea eginez”.
Emakumeak egoera desberdinetan irudikatzen dituzten argazkiak ikus daitezke bertan. Aho zabalka eta nekatuta dagoen emakumea, frontoian elkartzen diren edo elkarrekin urrutira begiratzen duten emakumeak..., eta hainbat aldarri egiten dituzte: laktantzia tabu gisa jotzearen aurka, parekidetasuna kultur adierazpenetan eta bizitzako edozein arlotan normaltzearen alde, belaunaldiz belaunaldi berdintasunaren borrokari eutsi diotenen alde, amaren eskuzabaltasuna azpimarratzearen alde...
Ekitaldian zehar, Aran Mujikak eta Maialen Mujikak kantaldia eskaini zuten.
Erakusketa honako egun eta ordutegietan egongo da zabalik:
- Ostirala: 18:00-20:00.
- Larunbata: 10:30-12:00 / 18:00-20:00.
- Igandea: 11:00-13:00 / 18:00-20:00.