Herriko elkarte, talde edo enpresa bateko kideei zuzendutak bilera da martxoaren 11ean (asteazkena) egingo den bilera. Euskaraldiaren edizio berriaren informazioa eman eta bertan parte hartzeko deialdia zabaldu dute Andoaingo Euskaraldi Batzordeko kideek.
Hona hemen euskaraldiari buruzko informazioa eguneratua. Zer da ahobizi eta belarriprest? Zer dira ariguneak?
Ahobizi: Euskaraz ulertzen duten guztiekin euskaraz egiten dut uneoro. Kideek euskaraz ulertzen ote duten ez dakidanean lehen hitzak, beti, euskaraz egiten ditut; euskaraz ulertzen badute, euskaraz jarraitzen dut. Batzuetan zaila izan arren, elkarrizketa elebidunetan ere euskarari eusten diot kideek ulertzen dutenean.
Belarriprest: Nire gaitasun eta aukeren arabera erabakitzen dut euskaraz noiz eta norekin egin. Beti ez dut euskaraz egingo ulertzen duten guztiekin, baina euskara dakitenek niri uneoro euskaraz hitz egitea nahi dut; eta horixe eskatzen diet modu esplizituan.
Zergatik entitateak?
Lehen edizioan norbanakoen erabaki esparruan aritzetik, taldeetara ere egingo da salto bigarren edizio honetan. Eremu antolatu eta finkoak diren heinean, bertako kide guztiei zuzenean eragiten diete hizkuntzaren esparruan bertan hartutako erabakiek, baita ingurukoei ere, zeharka. Gainera, entitateei eremu horiek babesteko eta sustatzeko konpromisoa eskatuko zaie eta, epe luzerako helburuez ari garenez, ariketa amaitzean hizkuntza ohiturak aldatzeko hartutako urratsak egonkortzeko gonbita egingo zaie.
Entitateetan: ariguneak
Euskaraz lasai aritzeko guneak dira, bertako kide guztiek euskara ulertu eta denek edo gehien-gehienek ariketa taldean egitea erabaki baitute. Entitatearen funtzionamenduan dagoeneko eratuta dauden taldeak edo espazioak dira, eta hizkuntza-praktikak euskarara aldatzea edo finkatzea dute helburu. Bi motatakoak izan daitezke:
Barne-ariguneak: ohiko funtzionamendurako taldeak dira (sailak, zerbitzuak, kirol-taldeak, lan-taldeak, asanbladak…) eta bertako kide guztiek euskara ulertzeaz gain, kideen % 80 gutxienez ahobizi edo belarriprest modura ariketan parte hartzeko prest dago.
Kanpo-ariguneak: entitatean herritarrekiko harreman espazioetan (harreran, telefonoan, kutxetan, barran…) dauden pertsonek herritarrekin osatutako arigunea da. Espazio horietan beti egongo da belarriprest edo ahobizi den kide bat, gutxienez, herritarraren hizkuntza aukera bermatzeko.
Entitateko kideek ahobizi eta belarriprest moduan hartuko dute parte ariketan. Horietako batzuk ariguneetan egongo dira eta beste batzuk ez.