Iraganeko Andoaingo emakume langileak, irudietan

Andoaingo emakume langileen historia iluntasunetik argitara jartzeko asmoa duen hirugarren erakusketa atondu du Itsaso Mendiluzek Basteron. 270 argazkiez osatzen da erakusketa, eta guztiek ere makina bat lantegietan lanean aritu ziren emakumeak protagonista bilakatzen dituzte. Joan den ostiralean egin zen irekiera ekitaldia eta apirilaren 15a bitarte arte egongo da ikusgai.

“Herria herri bilakatu zuten Andoaingo emakumeak III” du izenburu argazki bildumak.

Irudi guztien artetik 1926. urteko erretratua da zaharrena (Algodonerako langile taldea), eta berriena, berriz, 2018koa (Intexko langileak Martxoak 8ko egunean Zumea plazan). Erakusketaren kronologia markatzen duten bi argazki horien artean kokatzen dira Basteroko hormetan zintzilikatu diren gainerakoak.

Emakume langileak egoera desberdinetan erakusten dituzte argazkiek: tailerrean, bulegoan edo ekonomatoan lanean, asanbladak prestatzen edo eta ospakizun eta bilkura berezietan (bazkariak, jai egunak...). Argazki askoren azpian, identifikatu datoz bertan nortzuk azaltzen diren.

Ikusleen harridura eta irribarre konplizea eragiten duten makina bat argazki topa daitezke erakusketan zehar. Esate baterako, Spar saltokiko langileak Urtain boxeolariarekin atera zutena, 1969an.

Datu jakingarriak ere, eskukada bete eskaintzen ditu erakusketak. Horietako bat izan daiteke Labordeko emakumeek sortu zuten Lorea abesbatza 1954an, Juan Batista Barandiaran zuzendari zutela.

Erakusketa Andoain geografikoki kontutan hartuta egituratu da. Horrela, Sorabillatik hasi eta Gudarien Etorbidea bitarte, Andoaingo historia hurbileko industrigintzaren errealitatea osatu duten hainbat lantegi ageri dira, emakume langileen ikuspegitik. Hala nola, Inquitex, Fierro, Algodonera, All-Fix, Papelera Leizaran, Plasticos Garden, CAR, Eroski, Sapa, Silen, Intex, Spar, Celulosas Andoain, Moleda, Laborde, Ziako, Olamia eta Krafft.

Irudiak ez ezik, beste zenbait elementu (prentsa artikuluak, langileen nominak...)  ere erakusgai jarri dira, erakusketa aberastera datozenak.

 

Trilogiaren azkena

Mendiluzek paratu duen hirugarren erakusketa da honakoa hauxe; arpegiak eta izen-abizenak dituzten Andoaingo emakume langileak plazaratzea izan du ardatz, hirurak atontzeko orduan. Bere hitzetan, “iluntasunetik argitara ateratzea justiziazkoa zen. Argazkiak erakustea Andoaingo historia hurbila kontatzeko eta agertzeko modu egokia izan liteke. Artxiboetan oso gutxitan ageri ohi den informazioa izan arren, gure aurreko emakumeen egunerokotasuna islatzen dute".

Lehenbiziko erakusketaren eskutik, 2018an, lantoki edo merkatal guneetan lanean aritu ziren 35 emakumeen errealitatea islatu zuen. Bigarrena, iaz jarri zuen, eta orduan 1910 eta 1981 urte arteko dozenaka argazki eta iruzkinekin gozatzeko aukera eman zien ikusleei.

Trilogiak osatzen du Mendiluzeren egitasmoak, eta hortaz, etorkizunean, jasotako material guztia liburu batean biltzeari ekingo dio Mendiluzek. Nolanahi ere, oraindik ere material berria jasotzeko prest agertu da.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!