"Gasolina dugu zainetan"

RACVN lehiaketako Focus Kopan Debora Frutos andoaindarrak Maider Usandizaga oñatiarrarekin taldea osatuko du. Gogotsu daude, erronka berriaren aurrean.

Debora Frutos eta Maider Usandizagak taldea osatuko dute abiatzear den RACVN lehiaketako Focus Kopan. Andoaindarraren lehen automobilgintza lehiaketa izango da, pilotu gisa. Oñatiarrak, berriz,  23 urterekin esperientzia asko du autoen munduan, lehenagotik ere gidari eta pilotu-lagun aritu baita. Lehia apirilaren 4an hasiko da, eta urriaren 18an amaitu. Lehiaketa iritsi bitarte prestakuntza lanetan dabiltza.

Nondik datorkizue autoekiko zaletasuna?

Debora Frutos: Argazkilari bezala hasi nintzen lasterketetara joaten. Egun, nire mutil-laguna ere automobilgintza munduan murgilduta dago eta gidaria da.

Maider Usandizaga: Ni duela bost urte hasi nintzen. Familian ere autoen oso zaleak gara, esaterako, lau lehengusu gabiltza automobilgintzaren munduan. Familiatik datorren zerbait da. Egia esan, betidanik eduki dut gasolina zainetan.

Zer behar da rallyetan aritzeko?

M.U: Alde batetik prestakuntza fisikoa ezinbestekoa da, nik horrenbeste landu ez dudan alderdia; baina urteak aurrera joan ahala jakitun gara fisikoa lantzea garrantzitsua dela. Esaterako, gurpilak aldatu behar direnean edota pisuzko zerbait jasotzean indarra beharrezkoa da. Eta lesioak ekiditeko ezinbestekoa da.

Beste alde batetik, autoaren prestakuntza dago. Automobila "puntuan" jartzeko lan handia egin behar dugu. Lasterketetan mekanikoki akats gutxi edukitzeko orduak sartu behar dira.

Zuek egiten dituzue autoen mantenu lanak?

D.F: Oso oinarrizkoa bada, ikasten saiatzen gara eta ahal dugun moduan moldatzen gara. Sinplea den zerbait aldatu behar bada, gai izan behar gara irtenbidea emateko.

Bestalde, zerbait konplexua izanez gero, esaterako, abiadura-kaxa orduan laguntza eskatzen dugu.

Egiten dituzuen entrenamenduak nolakoak izaten dira?

M.U: Bi entrenamendu mota dira. Batetik, geure kabuz egindakoak, geu kopilotu-pilotu gisa hobetzeko. Entrenatzeko edozein egunetan elkartzen gara eta autoarekin egiteko ibilbide bat aukeratzen dugu; hori bai, muga eta arau guztiak errespetatuz, guztia legearen barruan.

Bestetik, geure kasuan, lasterketa hasi baino bi ordu lehenago joaten gara ibilbidea ikustera eta oharrak hartzera. Azken unerarte ez baitakizu zein ibilbidetan lehiatuko zaren.

D.F: Entrenamenduak ezinbestekoak dira, baina elkarren artean konfiantza handia egon behar du. Batak bestearen laguntza behar du. Adibidez, nire kasuan, konfiantza handia ematen dit Maiderrek denbora asko daramalako pilotu-lagun bezala lasterketetan parte hartzen. Ez dela esperientzi gabeko kopilotu bat.

Zein ezaugarri ditu RACVN lasterketak?

D.F: Guztiek auto berdina eduki behar dute. Parte hartzeko bi edo lau ateko Ford Focus modeloa eduki behar da; estalkiak, esekidurak, motorra, ihes-hodia eta, oro har, auto guztiek ezaugarri berdinak eduki behar dituzte. Horrez gain, automobilak 100 zaldi soilik ditu.

Kopa ekonomikoa da, rallyen munduan hasi nahi dutenentzat. Lasterketa honetan ez dago bazterketarik, bertan parte hartzeko ez da diruduna izan behar, pasioa eduki behar da.

Labur esanda, "hastapenerako Kopa" ere deitzen zaio RACVN lehiaketari.

Lasterketa gehiagotan parte hartu duzue?

M.U: Bai. Euskadi mailan ibili naiz. Rallysprint modalitatean parte hartu dut. Zehazki hiru urtez parte hartu dut, eta azkeneko bi urteetan, zenbait modalitatetan parte hartu dut; esaterako, rallysprint, rally eta lur lasterketetan, beraz, esperientzi apur bat dut. Gainera, pasa den urtean hiru lasterketa korritu nituen piloto moduan. Bi lasterketa Ford Focusarekin, eta beste bat errepidean.

Zer nahiago duzue errepidean edo lur modalitatean lehiatu?

D.F: Ez dakit zer esan. Errepidean abiada handian ibili naiz, eta nire mutil-lagunarekin hiru lasterketetan parte hartu dut eta bi irabazi ditugu. Oroitzapen onak ditut errepidean.

M.U: Errepidean lehiatzeko mementoan tentsioa gehiago dagoela iruditzen zait. Abiada handiagoan gidatzen duzu, eta  istripuak ere larriagoak izan hoi dira. Ezberdina da. Lurreko modalitatea dibertigarriagoa iruditzen zait.

Ez da oso ohikoa bi emakumek rally lasterketa batean pilotu eta pilotu-lagun bezala parte hartzea...

M.U: Ohikoa ez da, baina normalizatzen ari dela iruditzen zaigu. Esaterako, duela bi urte Rally Balcón de Bizkaia lasterketan 17 emakumek parte hartu genuen, guztiak kopilotuak. Orduan pentsatzen duzu zerbait aldatzen dabilela.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!