Koronabirusaren krisia urrutiko kontua dela pentsatzetik egoera gordintzeko traza daukala pentsatzera doan trantsizio horretan dago jendea oro har, ikusten denez.
Gaurtik aurrera eskolarik gabe dauden ikasle gazteak apenas ikusi diren kale eta plazetan. Bost-bat urtera iristen ez diren haur batzuk gurasoen edo aitona-amonen eskutik ikusi dira, eta hortik aurrera, lagun kuadrilla txikiren bat edo beste jolasean plazetan eta leku irekietan. Ikusita dago gaztetxo gehienek lasai hartu dutela eskolarik gabeko lehen eguna eta etxean geratu direla, loa luzatuz, teknologia berriko jokoekin jolasteko denbora hartuz… Eta jakinda, astelehenetik aurrera, ikastetxeetatik irakasleek etxeko-lanak on-line bidaliko dizkietela, eta horiei heldu beharko dietela.
Goizean zehar, kaleetan barrena jende heldua ibili da gora eta behera betiko moduan enkarguak-eta egiten. Nolanahi ere, janari dendetan -eta bereziki saltoki handietan-, ostiral eguarditan ohikoa dena baino erosle gehiago ibili da, eta saskiak bapo betetzen aritu dira. Langileak ezinean dabiltza zenbait apal berriro betetzeko. Haragien, paper higienikoen, barazki eta fruten, esneen edo eta moldeko ogien apalak dira azkarren husten ari direnak.
Taberna eta kafetegietan, orohar, eguneroko bezeroak bildu dira goizean zehar. Arruti Gozotegian ere ez da bezero kopurua jaitsi goiz partean. Mostradoreaz bestalde aritzen diren langileei bi detaileek deitu diete arreta: “gaur goizean eguneroko martxa ez da hainbeste aldebrestu, baina egunkariak eta hartuarekin egindako ogiak inoiz ez bezala saldu dira. Hortaz, bi ondorio atera litezke agudo batean, jendea informazioaren gosez dagoela, eta, egunak irauten duten oinarrizko produktuak nahi dituela”.
Bestelako egoera gertatzen ari da premia-premiazkoak ez diren produktuak saltzen dituzten dendetan. Urrats inprimategiko Maitane Lopez de Munainek adierazi duenez, bezero kopurua jaitsi egin zaie azken egunetan, “argi samar dago jendea ohartzen hasi dela krisiaz, eta gerorako uzten ari dela beharrezkoak ez dituen erosketak”.
Belkoain kalean ileapaindegia daukan Lorena Tejadok ere sumatu du jaitsiera hori. “Atzo eta gaur betiko bezeroak etorri zaizkigu, baina gaur telefonoa inoiz baino gutxiago ari zaigu joka; alegia, hurrengo asterako askok ez dute hitzordurik hartu nahi. Atzo-gaur ileapaindegian bezeroei eta kalean ezagun askori entzun dizkiegun komentarioei kasu eginez gero, honako ondorioak atera beharko genituzke: orohar, jendeak ez du ezer lotu nahi hurrengo egunetarako ez dakielako zer gertatuko den; are gehiago, ematen du arrisku bereziko sektorean kokatzen direnek ez daukatela aurreikusita kalera ateratzea hurrengo egunetan, edo eta ateratzekotan, soilik jende gutxi topatuko duten toki edo dendetara arrimatuko direla”.
Industriagintzako lantegiek, beren aldetik, eguneroko martxarekin jarraitzen dute oraingoz, nahiz eta ikusminez jarraitu unero sortzen ari diren informazioak gizarteko gainerako herritarren antzera. Izan ere, ikusteko dago zer nolako agindu eta betetzeko arau etor daitezkeen hurrengo egunetan jende ugari pilatzen den tokiei begira, larrialdiko egoera deklaratu denez geroztik.