Teleirudimena etxetik etxera

Zaindu maite duzun hori

Garazi Kamio 2020ko mar. 15a, 20:00

Lokarri berde bat lepoan zintzilik, eta hari lotuta giltza bat. Etxeko eskaratzeko giltzarena zen. Ez dakit zenbat urte izango nituen, 8 edo 9, baina jakin badakit hura izan zela nire autonomia pertsonalaren lehen gailurretako bat. Etxera bakarrik joan ahal izateko lehen giltzarria izan zen zintzilikario hura.

Bihartik aurrera, etxera bakarrik bueltatzea eta etxetik bakarrik irtetea erronka izango da guztiontzat. Sekula bizitu ez dugun antzezlana daukagu begien aurrean eta bai, aitor dezagun, sekulako beldurra ematen du.

Etxean geratuko gara, gehien maite dugun horri merezi duen arreta eta lasaitasuna eskaintzen: geure burua sekula baino hobeto zaintzen.

Ruper Ordorikak euskarari eskaini zion “Zaindu maite duzun hori” kanta baina guk kanta konfinatu, arrazoia aldatu eta gure etxetik zuenera eramatea dugu helburu. Zaindu maite duzun hori, merezi du eta.

Gure agintari goren bilakatu direnek agintzen diguten bitartean, egunero zuen etxeetara sartzen saiatuko gara. Lasai, ez kendu pijamak, ez orraztu gehiegi, ez baitaukagu zuen etxeko giltzarik lepotik behera zintzilik. Irribarre erdia sortaraziko bagenizue, gu pozik.

Anek eta biok zuen etxeetara gerturatu nahi dugu, teleirudimena erabiliz. Larramenik eta Aranak bezala, guk ere hitza asmatu dugu, zer kristo! Teleirudimenez, zuen etxeetako konfinamendu txiki hau arindu nahiko genuke, segundo batzuetan bederen. Andoaingo argazkiak bidaltzen, adibidez. Egon, herria hor dagoelako, gezurra dirudien arren.

Erronka txikia jarri diogu geure buruari: etxetik idaztea eta hitzez zein argazkiz zuek ilustratzea. Gaur kalea omenduz hasi nahi dugu abentura txiki hau. Parkeetara itzuliko garelako eta barkatu atrebentzia (eta barka nazatela gure ilobek), parkeetako haurren aurka maldizioka berriz ere hasiko garelako, guk uste baino lehenago. Har dezagun egun multzo hau Olentzerok eta Errege Magoek etxera etorri behar zuteneko atzera kontaketa hura bezala; egun bat gutxiago kalera irteteko.

Gure etxetik ez dugu zalaparta handirik sortuko, egon lasai zuen gotorleku txikietan. Gustu baduzue, hementxe aurkituko gaituzue, ez gara etxetik mugituko. Jarriko dizkizuegu erronka txikiak, bi minutuz bada ere ikuspegi desberdin baten gerizpean egoteko.

Hasi da erronka, inoiz baino gehiago maite dugun hori zaintzekoa. Baietz irabazi!

___

Argazkiak: © Ane Jalon.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!